Haur eta nerabeen bizi kalitatea hobetzea helburu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 30a, 10:30

Seme-alabekin jarduteko moduari buruzko "gako txikiak" jasoko dituzte gurasoek 'Treba Gurasoak' egitasmoaren bitartez. Haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea da ekimenaren helburu nagusia, eta herriko hiru guraso elkartek parte hartuko dute. Substantzien kontsumoari buruzkoa izango da lehenengo saioa, abenduaren 1ean arratsaldeko 18: 00etan Oriarte institutuko Landaberri eraikinean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza ekimena da Treba Gurasoak. Lasarte-Oriako Udalarekin lankidetzan zenbait saio antolatu dituzte, eta herriko ikastetxeetako hiru guraso elkarteek parte hartuko dute. Gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea da egitasmoaren helburu nagusia. Hala, tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Gazteen hazieraren eremua hain aldakorra izanik, gainera, "bizia eta malgua" izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko: "Haur eta nerabeen heziketa prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko. Laguntza edo sostengu horrek, ordea, ez du izan behar konpontzailea edo terapeutikoa bakarrik; aitzitik, helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu".

Azpimarratu dute, gurasotasuna gauzatzeko modua nabarmen aldatu dela gure gizartean; kontzeptu aldaketa bat egon dela: "Seme-alaben aldetik obedientzia eta diziplina lortzen oinarrituta zegoen guraso autoritatearen ordez, konplexuagoa den eta lan gehiago eskatzen duen kontzeptu bat gailentzen ari da: gurasotasun arduratsuaren edo gurasoen erantzukizunaren kontzeptua, hain zuzen ere".

Gakoa jada ez da gurasoak seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, aginte hori arduraz erabiltzea baizik; hau da, seme-alaben eskubideak zaindu daitezen erantzukizunez jokatzea, baina gurasoenak kaltetu gabe. Horrek barnebiltzen ditu haurrak eta nerabeak beren sozializazio prozesuan parte hartzera bultzatzea, beren gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, pixkanaka, beren autonomia eta herritartasun aktiboa sustatzea. Gauzak horrela, uste dute gaur egungo aitei eta amei gurasotasun positiboaren ikuspegiak lagundu diezaiekela euren seme-alaben heziketako eta hezierako jardunean.

Lanketa horretan, sentsibilizaziorako eta hausnarketarako lau hitzaldi antolatu dituzte; inspiratzaile eta motibazio iturri izan nahi dute hurrengo urratsak emateko. Ordu eta erdiko iraupena izango dute saioek eta seme-alabekin jarduteko moduari buruzko gako txikiak eskainiko dituzte.