Urtebetetze festa oparitu dio Jalgunek lasarteoriatarrei

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 27a, 22:12

Hiru hamarkada ez dira egunero urratzen eta gogoz ospatzeko arrazoia dira. Manuel Lekuona Kultur etxean egindako jaialdia izan da horretarako abagunea, baita amabitxi eta aitabitxi izan direnei aitortza egiteakoa ere. 

Hogeita hamar urte dira Jalgunek bere ibilbidea hasi zuenetik. 1991. urtean izan zen eta garai hartan asko entzun zen Chimo Bayo DJaren Exta-sí, exta-no kanta aukeratu dute beraien ibilbidearen isla gisa. Aldaketa ekarri zuten biek eta hasieran ez ziren denen gustuko izan. Bide luzea egin dute ordutik eta gauzak oso bestelakoak dira orai. Elkarteari dagokionean, nahikoa da kultur etxea bete dutenen kopuruari erreparatzea edo zorionak opa dieten guztien zerrenda irakurtzea. 

Ospakizunetan musika, dantza eta umore ona ezin dira falta. Horretatik asko ekarri dute eszenatokira Jalguneko kideek. Inauterietan erakutsitako emaldia berreskuratu dute hasteko, ondoren, txisteak, sketchak, Tik Tokeko bideoak... ikusgai izan dira, eta jarraian,  kantan eta dantzan zeinen ondo moldatzen diren erakutsi dute sei kidek. 

Etenaren aurreko lehen zatia amaitu aurretik, urte guztiotan bidaide izan dituzten elkarte, erakunde eta norbanakoek agurrak biltzen dituen bideoaren txanda izan da. Zorionak opa eta kandelei putz egin diete hamaika eragilek. Gero, aitortza bueltan jaso dute. Banan bana izendatu eta eszenatokira igo dira ordezkariak. Opari bat eman diete eta talde argazkia egin dute urteurren biribilaren oroigarri.

Hamar bat minutuko atsedenak indarberrituta, Semblante Rociero koruko kideen doinuak dantzatu dituzte, sevillanetan bikotekide Semblante Andaluzeko zenbait lagun zituztela. Umoreari beste tarte bat egin, eta kantan eta dantzan jarraitu dute. 

Amaitzeko, urteotan egindako hamaika jarduera biltzen zituen ikus-entzunezkoa proiektatu dute eta datozen urteetarako desio bat eskatu. Urteak betetzearen gauza garrantzitsuenetako bat uneak partekatzen jarraitzea baita.