Euskara, maitasuna eta balioak ardatz hartuta hamarkadak daramatzate lanean eta urtero inguruko arazoetatik abiatuta lanketak egiten dituzte. Aurtengoak Kuikui izena du, ipuin diskoa da, Miren Amurizak idatzita eta Irrimarrak ilustratua.Txorien kantuez eta herrien hizkuntzez hitz egiten du. "Euskaraz hitz egin nahi dugu, baina ariketa inklusibo bat egin nahiko genuke. Ez soilik euskaraz, euskal kultura; baizik eta gure hizkuntzarekin eta inguratzen gaituzten beste hizkuntza eta kulturekin dugun harreman horretaz". Amurizak "txorien hegaldian" jarri zituen eta hortik abiatuta sortu du Kuikui. Zozoak egiten du kuikui, beste hegazti batzuek beste txorrotxio batzuk dituzten bezala, eta horren bidez, guztiek "amalurra eta bioaniztasuna aberasteko" duten garrantzia adierazi dute. Jarraian, lehen bideoklipa erakutsi dute, Txoria nintzela kantarena, hain zuzen ere.
Liburua marrazkiz hornitzeko ardura Irrimarrako Karmele Goroñok izan du. Proiektua esku artera heldu zitzaienean "ilusio handia" izan zela aitortu du, baina, aldi berean, erronka ere handia zela pailazoak oso irudi ezagunak direlako. "Zaila ikusten genuen aurreko ilustratzaileen mailara heltzea; beraiek identifikatuak sentitzea egindako irudiekin eta gu ere eroso sentitzea gure estiloan marraztuz". Hala ere, emaitzarekin "oso pozik" daude. Zuhaitz batetik abiatu dira marrazkiak egiteko, mapa bat balitz bezala, bertan kolore ezberdinetako hostoak daude eta txori pila bizi dira. "Saiatu gara Mirenek txori bakoitzari emandako soinu edo hitza bezala, bakoitzari bere nortasuna ematen irudien bidez. Bakoitzari bere forma, koloreak eta hegan egiteko modua eman diogu". Elkarrekin nahastu arren, istorio osoan hori mantentzen ahalegindu dira.
Diskoan hamabi kanta daude, horietako bakarra berria da, Kuikui, beste lau moldaketak dira eta gainerakoak errepertorioko parte dira. Kanta bakoitzaren aurrean ipuintxo bat dago, bata bestearekin lotzen dituena.
Disko-liburua baino gehiago
Irudi horietan oinarrituta animazioa sortu dute ere. Goroñoren esanetan, "oso lan polita" izan da "bizia ematen diozulako bi dimentsiotan edo planotan dauden irudiei". Eskuz lantzen dituzte irudiak eta nabari da lanean.
Ikuskizuna ere badu proiektuak. "Txoriez ari gara, munduaz eta bizi ditugun arazo larriez. Planeta eta biodibertsitatea hondatzen ari gara. Itsasoa plastikoz beteta dago eta garbitu egin behar dugu". Hainbat txoriren istoriak nabarmenduko ditu arazo horiek guztiak. Ilargi baserritarrak pertsonak eta amalurra zaintzen ditu eta Margarita oiloa du berarekin. Koloretako arrautzak erruten ditu halako mundua nahi duelako.
Saioen amaieran herrietan euskararen alde dabiltzan eragile, elkarte eta bestelakoak omenduko dituzte habia-kutxa bana oparituta. Aranzadiren Txoribox zientzia proiektuan oinarritzen da ideia hori, besteak beste, txorien habia-kutxak herrietako parkeetan zintzilikatzean datza. Aranzadiko bi ornitologok egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten. "Txoriak beharrezkoak ditugu gure biziraupenerako, hegazti eta animalia espezia guztiak. Proiektu honekin habia kutxa hauek jartzen digute, egitura artifizialak dira, baina hegazti espezia askok behar dituzte habia barruan egiteko". Izan ere, Euskal Herriko zuhaitz gehienak gazteak dira eta ez dituzte zulo naturalak, hontzek eta beste espezie batzuek behar dituztenak.