"Sentsibilitate ezberdinekoen artean" dagoen distantzia laburtzeko urratsak egitea eskatu du Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 21:07

Hilabetero bezala, Lasarte-Oriako Sarek Azken Ostirala ekintza aurrera eraman dute. Elizatzen elkartu, eta handik Okendora bidea egin dute. Plazan, Ixiar Arteagak hitza hartu du "alde guztietako sufrimenduari" leku egingo dion memoriaren garrantziaz eta giza eskubideen urraketak salatzen jarraitzeko beharraz mintzatu da.

Euripean egin dute beste behin bidea Sarek deitutako ekintzan parte hartu duten herritarrek. Plazara iristean, aterkipean edo udaletxearen arkupean babes hartuta entzun dituzte Ixiar Arteagaren hitzak. Sarek eta Etxeraten adostutako idatzia irakurri beharrean, memoriaren inguruko gogoeta egin du herritarrak. 

Azaroaren 10ean ospatutako Memoriaren Egunari lotuta, aitortza, erreparazioa eta giza eskubideen urraketarekin amaitzeko "bide bat egiteko" dagoela adierazi du, baita "sentsibilitate ezberdinekoen artean dagoen distantziari dagokionean" ere. Hori esanda, distantzia laburtzeko ahalegin horretan Lasarte-Oriako Bizikidetzarako Herritarren Batzordeak egindako lana nabarmendu nahi izan du, zehazki,  hilaren 30a arte Antonio Mertzero aretoan ikusgai dagoen erakusketa eta hari lotuta antolatutako hitzaldi sorta. "Balioan jartzekoa" iruditzen zaio, "gutxienean, interesgarria eta aipagarri", memoria ariketa egiteko aukera ematen baitu, herrian gertatutakoak "gogoratzeko eta ikusteko". Egiteko asko bada ere, elkar entzuteko "ariketa interesgarria" iruditu zaie alde guztietako sufrimenduari leku egiten saiatu direlako eta "hor izan delako gure ahotsa". 

Pili Kastresanaren txanda izan da orduan, esandakoa berresteko. Senide bezala herrian gertatutako gauza asko ikusteko aukera izatea "oso inportantea" dela uste du. Beraien eta herritar askoren ahotsak entzuteak duen balioa azpimarratu du ere. "Gure kasuan, Mikel azaltzen da, beste pertsona bat bezala, maila berean; eta hori guretzat oso garrantzitsua da". Bildutakoan informazio asko dagoela azaldu du, "jende asko harritu egingo litzateke", eta egin ez dutenei ikustea aholkatu die. 

Batzordearen lana aitortzeaz gain, kalean jarraitzeko arrazoiak ere gogora ekarri dituzte, beste behin. Bi mezu zabaldu dituzte. Kartzela politika arduradunei "utzi gaixo dauden presoen bizitzarekin jolasteri" baita elkarbizitzan eta bakean aurrera egiteko salbuespen neurriak eten eta espetxerako bidean hildako hamasei senideen aitortu behar direla. 

Datozen asteetako hitzorduak gogora ekarri eta ostegunean urteak beteko dituen Ibon Fernandez Iradiri bidaltzeko talde argazkia egin dute.