Lasarte-Oriako bidegorri sareak Donostiarekin eta Usurbilekin lotura berria du. Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo udaletako ordezkariek Txikierdi 2 eremua inauguratu dute.
Agerraldian Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatua pozik agertu da proiektua gauzatzeko egon den erakundeen arteko lankidetzarengatik eta bi udalek erakutsitako prestutasuna eskertu du.
Zati berriak kilometro bat inguruko luzera du Urbil Urbil Merkatalgunetik Txikierdira eta 386.785, 17 euroko inbertsioa izan du. Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatua azaldu modura hiruguneen artean oinez eta bizikletaz mugitzeko lotura seguru honek bi herrietako eskaerei erantzuten die.
Horren bitartez, Gipuzkoako sarean bidegorri eremuak gehitzeaz gain, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako sailak gizarte jasangarritasunaren alde egindako apustua islatzen dela nabamendu du Romerok: "Gure bidegorrien eta garraio publiko zerbitzuen bidez Gipuzkoan mugikortasun jasangarria sustatzen ari gara. Eta lanean jarraituko dugu herritarren eskaerei erantzuteko eta gizarte modernoak dakartzan erronkei aurre egiteko behar dugun eredua sustatzeko".
Udalak pozarren
Agustin Valdivia alkateak pozarren agertu da Lasarte-Oriaren bidegorri sareak lotura berri bat duelako eta bi herrien arteko mugikortasuna iraunkorra sustatzearen garrantzia azpimarratu du. Era berean, azaldu du, bai Usurbilgo Udalak baita Lasarte-Oriako Udalak etorkizunean Michelin eremuan egingo dituzten garapen industrialeko lanek guztiz batuko dutela bidea; bien bitartean, Usurbilgo Udalak egun dagoen espaloian txirringa eta oinezkoentzako bidea markatzeko konpromisoa hartu duela nabarmendu du.
Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkatea ere pozarren agertu da bidegorriaren zati hau erabilgarri delako. Hala ere, Romerori gogoratu dio Txikierdiraino bakarrik doala bidea eta Usurbilgo erdiguneak oraindik motorduna ez den loturarik ez duela. "Gipuzkoako bidegorrien sareko zati garrantzitsua dago egiteko. Gu jabetzen gara trazatu zaila dela." Horregatik, erakundeen arteko elkarlanarekin jarraikiz, proiektua aurrera eramateko mahai bat sortzea eskatu dio diputatuari.