"Kirola egitea gustuko duzulako, lagunekin kirol egitea gustuko duzulako...". Hamaika arrazoi egon daitezke triatloia egiten hasteko. Izagirrek bere aitaren pausoak jarraikiz egin zuen hautua. "Berak triatloiak egiten zituenean beti joaten nintzen ikustera eta oso gustoko nuen. Gainera, bizikletan ibiltzea eta igeri egitea oso gustoko nuen. Pare bat triatloi herrikoi eginda nituen baina futbolera jolasten nuenez entrenatu gabe egiten nituen. Futbola utzi nuenean aukera bat ikusi nuen eta berehala federatu nintzen triatloian eta entrenatzen hasi nintzen".
Muñozek, berriz, kirola egitea eta entrenatzea gustuko dituelako eman zuen pausoa. "Triatloian hasi nahi nuen. Korrika egiten nuen eta bizikletan ibiltzen nintzen. Eta falta zena biak uztartzea zen. Igeriketan ez naiz iaioa, baina ahal dudana egiten dut. Lanean hasi, lehiaketa probatu eta aurrera egin dut", onartu du.
Biek Trinko aukeratu dute senideak edo ezagunak dituztelako taldean. Izagirreren kasuan aita da taldeko kide eta Muñozenean, berriz, lehengusua, eta hainbat ezagun ditu Trinkon.
Horrez gain, taldea herrikoa izatea ere ezaugarri garrantzitsua izan dela aitortu du Muñozek: "Herrikoak dira eta ez duzu Donostira joan behar entrenamendu edo bestelako kudeaketak egiteko. Gainera, ezagunak dira. Zer hobe beraiekin bat egitea baino!".
Distantzia ezberdinak
Triatloian distantzia ezberdinetako lehiaketetan parte hartu dezakezu. Izagirrek, esate baterako, distantzia motzetako probak edo sprint probak prestatu ditu; Muñozek, berriz, proba luzeak.
"Sprint distantzia aukeratu nuen, batez ere, korrika gutxi ibiltzen nintzelako. Gainera, ez nuen nire burua distantzia handiagoa egiteko prest ikusten", onartu du Izagirrek.
Muñozek, berriz, distantzia luzeak egitea gustuko du: "Maratoi batzuk egin ditut korrika. Gainera, distantzia luzeko probak hobeto datozkidala uste dut".
Prestaketa eta lehia
Izagirrek eta Muñozek talde kideen laguntza izan dute euren entrenamenduak antolatzeko.
Izagirrek aipatu duenez, "entrenamenduak egiteko txirringa eta igeri nere kabuz egiten ditut eta asteburu batzuetan taldekoekin geratzen naiz entrenatzeko. Korrika nire puntu txarra izanda nire kuadrillako lagun bati (Julen Goenaga) entrenatzeko eskatu nion. Berak atletismoa egiten du eta entrenatzaile izan nahi du; nirekin ari da proba egiten. Eta egia esan azken urte honetan asko hobetu dut bere entrenamenduei esker; korrika egiteari gustua hartu diot".
Muñozen kasuan talde kide batek proba luzea prestatzeko plangintza bat eman zion eta hori jarraiki egon da lanean. "Aurretik horrelako proba egin zuen talde kide batek eman zidan bere entrenamendua eta horrekin egon naiz proba prestatzen. Astean zehar, egunero saio bat nuen batzuetan igeri, bestetan korreika...; asteburuan, berriz, saio bikoitza zen eta horietako batzuk taldeko kideekin egiten nituen".
Pandemia dela eta, ordea, Muñozek adierazi modura, zailtasunak izan dituzte entrenamendu batzuk aurrera eramateko orduan: "Pandemiarekin kirolari federatuok besteek baino lehen izan dugu lanean hasteko aukera. Murrizketa batzuk ere jasan behar izan ditugu, noski, itxiera perimetralak, esate baterako. Nire puntu ahula den igeriketa lantzeko ere zailtasunak izan ditut igerilekuan ezarritako murrizketak zirela eta".
Horrez gain, Trinkoko kideek ez dute lehian sartzeko aukera askorik izan. "Bi urte hauek nahiko zailak izan dira probak egiterako orduan. Lehengo urtean, adibidez, ezin izan nuen probarik egin, eta aurten ere zaila izan da. Triatloi sprint gutxi antolatu dituzte eta gehienak Euskal Herritik kanpo", nabarmendu du Izagirrek.
Bi triatloitan parte hartzeaz gain, beste modalitateetako probetan ere lehiatu da. "Pare bat mendi duatloi egin ditut errebotez, eta oso esperientzia ona izan da. Eta, azkenik, Behobia-Donostia lasterketarekin bukatu dut denboraldia, eta oso esperientzia polita izan da. Gainera, aitarekin batera egin dut".
Muñozek, berriz, Platja de Aron (Girona) antolatu zen distantzia luzeko proba bat zuen helburu: "Nik argi nuen proba bakarra egingo nuela. Hala ere, beste triatloi batzuk ere egin ditut. Baina ziurgabetasun handia egon da. Probak prestatzen ari zinen eta ez zenekien azken momentura arte egingo ziren. 'Prestaketak zerbaitetarako balioko du?' galdera beti zenuen buruan".
Denboraldi berria
Hurrengo denboraldira begira, Izagirrek proba gehiago antolatuko direnaren esperantza du. "Onditzeko triatloia izango da nire helburua, distantzia olinpikoa dena. Bestalde beste triatloi sprint batzuk eta hainbat duatloi ere egitea gustatuko litzaidake. Horiez aparte, trabesiaren bat edo zikloturista ibilbideren bat egitea ere gustatuko litzaidake. Denboraldia amaitzeko Behobia-Donostia ere helburu polita izango da".
Muñoz, aldiz, aita izango da aurki eta kirolari dagokionez, urte lasaiagoa izango duela onartu du: "Entrenatuko dut eta ahal izanez gero, probaren batean parte hartuko dut. Baina distantzia motzak izango dira".
Federatzearen garrantzia
Trinko Triatloi klubeko kideek herritarrak gonbidatu nahi dituzte taldean izena eman eta federatzera. Muñozek adierazi modura, federatzea abantaila bat da: "Entrenatzerako orduan, errepidean edo kalean arazorik baduzu bermea duzu. Gainera, urtero esfortzu proba bat egiten dizute eta horrek nola zauden jakiteko balio dizu".
Horrez gain, Trinko taldeko arduradunek deialdi berezia egiten diete emakumeei: "Oraindik emakumerik gabeko taldea gara, eta triatloia egitera animatu nahi ditugu".