Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.277 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik hamabi. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza mankomunitateko udalerrietan 202 positibo zenbatu dituzte astelehenetik asteazkenera: 70 Hernanin, 58 Andoainen, 23 Usurbilen, 22 Lasarte-Orian, hamazazpi Urnietan eta hamabi Astigarragan.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) intzidentzia tasa metatuak igotzen jarraitzen du: 374,64 izan da hilaren 24an. Osakidetzako ospitaleetan 179 pertsona daude ingresatuta, horietatik 36 larri, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui-k asteon iragarri duenez, Lakuak osasun larrialdia berrezartzea aztertuko du baldin eta 50 pertsona edo gehiago badaude egoera horretan. Kopurua igotzen ari da.