AZAROAK 25

Indarkeria matxista arbuiatu dute dozenaka herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 25a, 18:27

Dozenaka herritar eta udal ordezkari ugari bertaratu dira Lasarte-Oriako Udalak deitutako kontzentraziora. Okendo plazan izan da hitzordua, baina, eguraldi kaskarra tarteko, Antonio Merceroko arkupeetan aterpe hartu behar izan dute. Indarkeria matxistak stop! lelopean, emakumeenganako jazarpena deitoratu dute.

Lasarte-Oriako Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu du, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira. Honela dio:

Emakumeen aurkako indarkeria larderiarako tresna indartsua da, emakumeei zuzendua, indarrean dauden genero arauak desafia eta eralda ez ditzaten. Mehatxurako tresna hori zuzenean emakumeengan erabiltzen da, baina baita haien gertuko pertsona maitatuenengan ere, min handiagoa sortzeko modu gisa. Kalkuluen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira.

Indarkeria bikarioa esaten zio emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia motari, zeinak ankerkeria maila gorena lortzen duen haien erailketarekin (seme-alabak, aita, ama, egungo bikotekidea, eta abar). Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, kasu horiek ere genero indarkeriaren parte gisa ulertzen dira, seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna bihurtzen diren heinean. 

Azken lege aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez. Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da genero indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen birbiktimizazioan eragiten dute, haien salaketak susmopean jartzen dituzte, amak zigortzen dituzte, haien testigantza gutxiesten dute eta aitaren guraso ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberritzearen gainetik.

Emakumeen aurkako indarkeria beren seme-alaben bidez sistematikoki egikaritzeko modu horren aurrean, bai eta emakumeak kontrolatzeko, hertsatzeko eta kaltetzeko modu guztien aurrean ere, euskal erakundeok indarkeria horri aurre egiteko erantzukizuna dugu, kontuan hartuta ez direla gertakari isolatuak, egiturazko desberdintasun egoera bati erantzuten diotela, eta egoera horri ikuspegi feministatik heldu behar zaiola. 

Horregatik, Lasarte-Oriako Udalak honako konpromiso hauek hartu nahi ditu: 

  • Indarkeria bikarioaren errealitate hori agerian jartzne eta behar bezala artatzen laguntzea, besteak beste, Istanbulgo Hitzarmenak jasotzen dituen indarkeria bideen biktima adingabeak koordinazio protokoloetan eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko protokoloetan txertatzea eta horiek eguneratzea.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku hartze goiztiarra egiten laguntzea, udal zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza, osasun zein polizia agenteak, eta abar), eta emakumeek beren ardurapean dituzten adingabeekin eta kaltetutako beste pertsona batzuekin behar dituzten beharrei eta baldintzei erantzutea.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzea, beren eskumenen esparruan, ikuspegi feminista duen sektore arteko abordatze integral eta holistikotik.
  • Neurri guztien erdigunean jartzea biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea, eta laguntza integrala ematen laguntzea, prozedura judizialarekin duten inplikazio edo lankidetza maila edozein dela ere.
  • Toki administrazioko langileak berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileei, genero eta giza eskubideen ikuspegia aintzat hartuz.
  • Lanean jarraitzea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako, eta, ondorioz, haien seme-alaben aurkako herri itun bat lortzeko, herritar guztien jarrera aktiboa behar dugulako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat erdiesteko.

Biktimei laguntzeko baliabideen sarea

Udalak gogorarazi die herritarrei eskuragarri adgoela indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideen sarea, besteak beste, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta zerbitzua (SATEVI, 900-84 01 11) eta haur eta nerabeentzako telefono eta sareko orientazio, aholkularitza eta informazio zerbitzua (Zeuk Esan, 116 111).