Atzegizaleen figura balioan jarri nahi dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 25a, 11:14

Urtero legez, aurten ere kanpaina berriaren aurkezpena egin du Atzegi elkarteak; oraingoan, Atzegizaleen figura balioan jartzeko helburuarekin prestatu dute. Aurkezpen ekitaldiak egiten ari dira eta Lasarte-Orian ere ezagutarazi dute

Atzegialearen figura balioan jartzeko presatu du Atzegi elkarteak aurtengo sentsibilizazio kanpaina. Aurkezpen ekitaldi bete-betean ari dira eta Lasarte-Orian ere ezagutarazi dute. Asteazkenean, hilaren 24an eman dute ezagutzera, udaletxean. Bertan bildu dira Atzegi elkarteko ordezkari, erabiltzaile eta familiak. Ondoan izan dituzte, Agustin Valdivia alkatea, Uxue Loinaz eta Estitxu Garmendi EH Bilduko kideak eta Jon Antxordoki EAJko ordezkaria.

Duela 21 urte, 2.000. urtean sortu zuten Atzegizaleen figura "adimen desgaitasuna dutenekiko jarrera positiboa duten pertsonak identifikatzeko". Kanpainaren leloari erreferentzia eginez, nabarmendu dute Atzegizaleak "geroz eta gehiago direla eta nonahi" daudela gaineratu "adin eta itxura ezberdinak" dituztela: "Adimen desgaitasuna duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, eurengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak ematen dizkiete".

Lasarte-Oriako Udala ere Atzegizale izendatu dute. Beterri-Buruntzaldea eskualdean horrela izendatu duten lehen erakundea izan da. Afixa bat jaso du alkateak Atzegiko ordezkarien eskutik, eta adierazi elkartearen kanpainak iraun bitartean, balkoian jarriko dutela ikusgai. Aitortza gisa jaso du udalak aipatu afixa; hain zuzen ere, Lasarte-Oriako Udalaren,  Gureak taldearen eta Atzegi elkartearen Pauso berriak programaren bitartez, Aitor Carrasco herritarra Manuel Lekuona kultur etxeko liburutegian ari baita lanean. Testigantza horren berri eman du Carrascok berak; kontatu du zein diren bere eguneroko zereginak, besteak beste. 

60. urteurreneko ospakizuna 
Iragan urtean bete zituen Atzegi elkarteak 60 urte. COVID-19ak eragindako pandemia medio, ordea, ezin izan zuten urtemuga ospatu, baina aurten egingo dute. Iragarri dute Donostiako Kursaal jauregian izango dela ospakizuna eta iraganari zein etorkizunari erreparatuko diotela: "Sorpresa eta momentu hunkigarriz betea egongo da". Bertara joan nahi dutenek jakinarazi egin beharko dute, bide hauen bitartez: atzegizale@atzegi.eus helbide elektronikoa edota 943-42 39 42 telefono zenbakia.