XVIII. Jaiotzen lehiaketan parte hartzera deitu du Danok Kide elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 24a, 16:00

Iazko etenaldiaren ostean, Jaiotzen lehiaketa berrantolatu du aurten Danok Kidek; XVIII.ena izango da. Parte hartu ahal izateko baldintzak ezagutarazi ditu guraso elkarteak, eta jakinarazi, abenduaren 17an eta 18an entregatu beharko direla sortutako lanak

Danok Kide guraso elkarteak ohiturari jarraikiz, jaiotza lehiaketa antolatu du urtea amaitzeko. Adinaren arabera lau taldetan banatuko dira aurkeztutako lanak. Talde bat 6 eta 9 urte bitartekoena izango da, bigarrena, 10 eta 13 urtekoena, 14 urtetik eta 17 urterakoena hirugarrena eta azkenik, 18 urtetik gorakoena.

Sariei dagokionez, lehenengo taldean lehenengoarentzat 70 euro eta bigarrenarentzat 50 euro banatuko dira, bigarrenean 80 euro eta 60 euro, hirugarren taldean 100 euro eta 70 euro eta laugarrenean, 130 euro eta 100 euro. Hala, lehiaketara aurkeztu eta onartutako lan guztiek 15 euro jasoko dituzte.

Parte hartzeko baldintzak
Lanak aurkezteko baldintzak honakoak izango dira; 80x60zm-ko neurria izan beharko dute gehienez eta ezingo du oinarri sendokoa izan. Ez da onartuko aurreko urteetan aurkeztuta lanik. Banaka zein taldeka hartu ahal izango da parte eta lana aurkeztearekin batera, gutun-azal itxi bat entregatu beharko da. Kanpoko aldean adierazi beharko da zein adin taldetan lehiatzen den lana, eta, barrualdean, berriz, parte hartzailearen izena, helbidea eta harremanetarako telefonoa. Ohartarazu dutenez, parte hartzaile bankoitzak (edo talde bakoitzak) lan bakarra aurkeztu dezake.

Jaiotzak abenduaren 17 eta 18an entregatu beharko dira elkartearen egoitzan, Blas de Lezo kaleko 11-13an, 17:00etatik 19:00etara. Lehiaketak iraun bitartean, jaiotzak ikusgai jarriko dira San Pedro elizan eta sarituak berriz, Muebles Azpeitian. Sari banaketa abenduaren 30ean egingo da 12:00etan Danok Kiden.