Datorren urterako lan ildoak aurkeztu ditu Lasarte-Oriako EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 24a, 12:52
Ezker-eskuin, zutik: Pablo Barrio, Uxue Loinaz, Taxio Arrizabalaga eta Joxe Pikabea. Eserita: Jon Martin eta Estitxu Garmendia.

Udal taldeak kritikatu egin du udal gobernuak 2022rako aurrekontu proiekturik oraindik aurkeztu ez izana, eta aurten egindako lana baloratu ez izana. "Pandemia gainditzen ari garen une honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da argi izatea zein diren gure herriaren beharrak, zein diren horiei erantzuteko eskura ditugun baliabide eta tresnak, eta horiek nola egokitu lasarteoriatarren interes eta premiak asetzera".

Lasarte-Oriako EH Bilduren udal taldeak 2022an jorratuko dituen lan ildoak aurkeztu ditu. Adierazi du udal gobernuarekin partekatuko duela zerrenda: "Prest gaude herriaren beharren analisi partekatu batean oinarrituta, hura eraikitzen jarraitzeko, eta lasarteoriatarren interesen alde beharrezkoak diren pausoak emateko". Horren harira, udal gobernua kritikatu dute, oraindik ez duelako aurkeztu datorren urterako aurrekontu proiekturik. "Ez dakigu zein diren 2022ari begira udal gobernuak sustatu nahi dituen egitasmo estrategikoak".

Datorren urterako bide orria

• Herriko jarduera ekonomikoak babestu eta berrindartzea, aberastasuna herriko beharretan inbertitzeko. EH Bilduren ustez, "beharrezkoa" da jarduera ekonomikoak gauzatzeko herrian dauden espazioak zaintzea eta babestea. "Oriako industria gunea berrurbanizatzearen, birgaitzearen eta birdentsifikatzearen alde egingo dugu, horrelako eremuek sendoak behar dutelako izan, lanpostu duinak bermatu eta babesteko".

• Udalaren baliabidean herriko elkarte eta eragileen esku uztea. Zumaburuko udal euskaltegiaren bulego zaharrak berritu eta egokitzea eskatuko du koalizio subiranistak, herriko eragileen esku uzteko gero, "parte hartzea oinarri izanik". Udalak auzoetan dituen lokalak egokitu eta auzo elkarteei esleitzearen alde ere egingo dute.

• Udal ondare eta zerbitzuen publifikaziorako politikak egitea. Zehaztu du udal eraikinak garbitzen dituzten langileen postuak publifikatzearen alde egingo dutela, eta udalarenak diren Okendo plaza atzealdeko etxebizitzak bizitoki sozial izatearen alde.

• "Espazio gehiago, hobeak, humanoagoak". Ama Brigitarren komentu paretik hasi eta Tajamar biribilgunera arteko zatian, autoen joan-etorriak kanpo uztearen eta espazio hori oinezkoentzat irabaztea eskatuko du. "Horrez gain, Askatasunaren parkean aterpe bat sortzea funtsezkoa dela aldarrikatuko dugu".

• Udala "indartu", herritarren beharrei "modu egokiagoan" erantzuteko. Udal taldearen ustez, "premiazkoa" da udalaren Gizarte Zerbitzuen departamentua indartzeko kontratazioak egitea: bi langile eta administrari bat. "Pandemiaren osteko garaiko zailtasunei aurre egiteko beharrezkoa da". Horrez gain, berdintasun teknikariaren postua "behingoz" sortu behar dela uste du. "Lasarte-Oria eta Hondarribia dira Gipuzkoan horrelako langilerik ez duen tamaina ertaineko herri bakarrak".

EH Bilduk aditzera eman duenez, "urte osoko lanaren fruitua" da lehentasun sorta hori. "Horretan oinarrituko dugu gure jardun instituzionala hurrengo aste eta hilabeteetan; esaterako, 2022ko aurrekontuen eztabaidan".