2022ko aurrekontuetarako hainbat neurri proposatu ditu Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 24a, 09:45

Datorren urteko aurrekontuetarako etxebizitza, ingurumena eta herritarren partehartzearen gaineko neurriak proposatu ditu Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak. Horien artean, Lasarte-Orian hutsik dauden etxebizitzak identifikatu eta horien alokairua sustatzeko partida bat zehaztea galdegin du

Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos udal taldeak hiru ardatz nagusi dituzten neurriak sartzea proposatu dio Udal Gobernuari 2022ko aurrekontuetan: etxebizitza, ingurumena eta partehartzea.

Etxebizitzari dagokionez, ohartarazi du udalerrian, etxebizitza kopuru handi batean inor ez dagoela erroldatuta, eta horrek esan nahi duela horietako asko hutsik egon daitezkeela. Egoera horri erreparatuz, azpimarratu du bizitoki eskaera handia dela, eta eskaintza, berriz, urria. Hala, egoera horri irtenbide eman asmoz, proposatu du aurrekontu partida bat sartzea, hutsik dauden etxebizitzen existentzia aztertu eta hala deklaratzeko izapideak hasteko, Eusko Jaurlaritzaren 2021eko ekainaren 8ko dekretuaren babesean. David Ares taldeko bozeramaileak azaldu du eskaera horren helburua dela etxebizitza horiek  identifikatu eta alokairua sustatzea. Baina ez hori bakarrik; administrazio publikoak etxebizitza hutsen alokairua errazteko eskura jartzen dituen aukerak eta dirulaguntzak zeintzuk diren ezagutaraztea, eta udalerriko etxebizitza parkea handitzeko zein aukera eskaintzen diren jakinaraztea ere bai. 

Ingurumenari dagokionez proposatu du lurpeko edukiontziak kentzeari behin betiko irtenbidea emateko eta irisgarritasuna bermatuko duten edukiontziak ezartzeko beharrezko partida bideratzea. Hori, gainera, kontzientziazio kanpaina batek lagunduta egitea nahi du alderdiak. Bestalde, udalerrian animalien aisialdirako espazio mugatu bat sortzeko kokapenik onena aztertzea ere proposatu du, "animaliak edukitzearekin lotutako arazoak konpontzen laguntzeko". Eta hiri baratze ekologikoak martxan jartzea ere galdegin du: "Proposamen hori geuk egin eta aho batez onartu zen 2017an, eta izapidetzaren azken fasean dago, dagozkion txosten teknikoak besterik ez dira falta", gogorarazi du Aresek. 

Azkenik, herritarren parte hartzea aktibatu eta errazteko, boto sistema telematiko bat ezartzea proposatu du ELOPek. Eskaera hori maila teknikoan "guztiz egingarria" dela iritzita, uste dute "borondate politikoaren kontua" dela martxan jartzea. Bestalde, auzoetan banatutako informazio pantailak jartzea ere proposatzen du, kultur jarduerei, jaiei, ordutegiei eta bestelako informazio garrantzitsua erakusteko, betiere kokapen posibleak eta herritarrekin eskaini beharreko informazioa adostuta.