Lauburu Ibarrak infantil mailako Eguzki garaitu du

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 23a, 15:00
Eguzki eta Ibarra Lauburu taldeen arteko partida ibartarrak izan dira nagusi.

Azaroaren 21ean, Eguzki Areto Futbol eta Lauburu Ibarra taldeen harrobi arteko partida izan da Maialen Chourraut kiroldegian. Infantil mailako taldeek indarrak neurtu eta ibartarrak atera dira garaile, 2-7

Aurkaria nagusi izan da partida hasieratik eta etxeko taldearen akatsak ongi baliatu ditu markagailuan aurre hartu eta partida bereganatzeko.

Neurketa jokatu baino lehen partida zaila zela jakitun zen Gorka Redondo prestatzailea: "Gu lehen urteko taldea gara eta eurek lehen eta bigarren urteko jokalariak dituzte. Gainera, ez da ahaztu behar Lauburu Ibarrak duen urtetako ezagutza. Ibarra Areto Futbola da". 

Emaitza aldeko izan ez arren, taldeko prestatzailea pozarren agertu da taldeak egindako lanarekin: "Ongi egin diegu aurre. Jokalari guztiek izan dute jokatzeko aukera eta pozik amaitu dute partida egindako lanarekin. Hori da gure helburua".

Era berean, taldeak garatzeko aukera asko dituela ere aurreratu du infantil taldeko entrenatzaileak. "Aurtengoa ikasteko urtea da eta taldea mantenduz gero, hurrengo urtean partida gehiago irabazteko aukera izango da".

Eskolen Topaketa 
Bestalde, urte eta erdiko etenaren ostean, Eguzki Areto Futbol Eskolako gaztetxoak lehiara itzuliko dira eta Benjamin zein Alebin Mailako taldeek estreinakoz jokatuko dute azaroaren 28an Donostiako La Asunción ikastetxean antolatu den Eskolen Topaketan.

Txikienek Antiguoko eta Lauburu izango dituzte aurrez aurre; alebinen aurkariak, berriz, Lauburuko hiru talde, Eskoriatza eta Antiguoko dira.