Euskaraldiaren hirugarren aldia datorren urteko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 23a, 10:54

Hitzez ekiteko garaia lelopean, Euskaraldia egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Iruñean. Hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamen berriak egingo dizkiete herritarrei, ahobizi eta belarriprest rolei eutsita. Entitateek ere parte hartu ahalko dute, ariguneak osatuta. 

Aurkezpen ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariek parte hartuko dute. Euskaraldiaren koordinatzaile Arrate Illaro-rekin batera, koordinazio mahaiko ordezkari ugari bertaratu dira Iruñeko Zentral aretora: Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente zein Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariorde Antton Curutcharry. 

Hitza eta ekintza uztartu

Esan bezala, 2022ko Euskaraldiaren leloa Hitzez ekiteko garaia izango da. "Pandemiak aurreko edizioa izandako eragina gaindituta, jauzi garrantzitsu bat eman nahi dugu", adierazi dute sustatzaileek. Hitzaren bidez eragiteko deia egin nahi diete herritar eta entitateei, hori baita "hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia". Halaber, hitzaren bidez kalea berriro hartzeko dia egin dute, COVID-19ak nabarmen eragin baitzuen 2020ko azaroan eta abenduan egindako bigarren edizioan: "Batetik, euskararen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotzea nahi dugu, eta bestetik, euskarazko elkarrizketek berriro ere Euskal Herri osoko herrietako plaza eta kaleak betetzea". 

Hainbat herritan hasita daude antolaketa lanetan, eta hirugarren aldia aurkeztuta, "lehen urratsa" tokian tokiko batzorde guztiak aktibatzea izango dela azpimarratu dute bultzatzaileek. Bigarrena, hauxe: era guztietako entitateak gonbidatuko dituzte, "lehenbailehen" has daitezen euskaraz lasai aritzeko guneak (ariguneak) identifikatzen edo berriak sortzen.