Aurtengo bidaia, tangoetatik 1999. urtera

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko aza. 21a, 09:00

Zero Sette Akordeoi Orkestrak XVIII. Akordeoi Jaialdia ospatu du Manuel Lekuona Kultur Etxean, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean. Banduoneando bikotea eta Pietro Roffi gonbidatu dituzte. Ia bi orduko bidaia musikalaz gozatu dute bertaratu diren ikus-entzuleek.

Akordeoiaren nazioarteko topagune izan da kultur etxea aurten ere. Instrumentu horren ezagutza sustatzeko asmoz, Zero Sette Akordeoi orkestrak hemezortzi urte daramatza jaialdia antolatzen, udalaren laguntzarekin. Eskertu dute zaleek, auditorioa bete egin baitute mundu mailako musikari trebeenen piezez gozatzeko asmoz. Gustura atera dira, eta eskuak gorrituta, emanaldian zehar txalo zaparrada ugari eskaini baitizkie aurtengo gonbidatuei: Banduoneando bikotea eta Pietro Roffi italiarra.

Ainhoa Aiertza aurkezleak aurkeztu ditu artistak. Oholtzara irteten lehenengoak Salva Parada eta Fernando Salinas izan dira. Lehenaren ikasle izan zen bigarrena, Francisco Escudero kontserbatorioan, eta hasieran akordeoilariak baziren ere, "gatibatu" egin zituen bandoneoiaren doinuak. Izena hortik hartu, eta Banduoneando bikotea sortu berri dute: irailean eman zuten aurreneko kontzertua, Bermeon (Bizkaia). Taula gainera akordeoi jaialdian igo dira bigarrenez. Tangoaren historian bidaiatzea proposatu die ikus-entzuleei. Oholtzara ez dira bi pertsona igo, lau baizik: beste biak dantzari argentinarrak dira, Roque Castellano eta Giselle Gatica.

Ondoren, Pietro Roffi bakarlariak goxatu du herritarren entzumena. 6 urte zituela hasi zen akordeoia jotzen, eta gaur egun 29 baditu ere, ibilbide luze eta oparoa egin du dagoeneko: 150 emanaldi baino gehiagotan aritu da bakarlari gisa, mundu osoan, eta konpositore ere bada: 1999 lana kaleratu zuen duela bi urte. 

Tangoen historia

Garai desberdinetako tango piezak jo dituzte Parada eta Salinasek. 45 bat minutuko kontzertua eman dute, eta aitortu "ezinezkoa" dela hiru ordu laurdenetan horren errotua dagoen estilo baten historia laburtzea. Edonola ere, argazki bat egin dute, oso ederra, gainera. Astor Piazzola, Anibal Troilo eta Carlos Gardel maisuen lanak partekatu dituzte ikus-entzuleekin, beste batzuen artean. 

Ikuskizunean zehar, trebeziaz mugitu dira Castellano eta Gatica: bandoneoiaren doinua eta dantzarien urratsak bat izan dira, eta liluratuta utzi dituzte kultur etxera bertaratu direnak.

Txikitako bizipenak

Pietro Roffi italiarrak 1999 albumean oinarritu du bere emanaldia. Azaldu du oso lan pertsonala izan dela, txikia zenetik gaur egunera arte akordeoiarekin izan dituen bizipenek ardazten baitute. Bestela esanda, mota askotako sentimenduek: nostalgia, histeria, alaitasuna, umeen inozentzia, eta beste asko. Eskusoinua ez ezik, beste soinu batzuk nahastu ditu, eta emaitza harrigarria lortu.

Kontzertuko abesti hunkigarriena Our evenings izan da, zalantza izpirik gabe. Roffik berak kontatu du zergatik: "8 urte nituenean, aitonak kaxa bat oparitu zidan: akordeoi bat zegoen, zortzi baxukoa. Sinetsita zegoen ikas nezakeela hori trebeziaz jotzen, ordurako 120koak ere menperatzen nituelako. Hala ere, ez zen horrela izan". Aitona 2006an zendu zen, artean Roffi oso gaztea zela. "Ezin izan du nire ibilbideaz gozatu, ez nau kontzertuak ematen ikusi; lehengo urtean, ikasi nuen berak oparitutako eskusoinua jotzen, eta pieza bat idatzi nuen. Zuekin partekatzen dut gaur, eta berari eskaintzen diot". 

Gonbidatuei eskertza

Gonbidatuek euren onena eman eta gero, eskertza jaso dute. Udaleko Kultura batzordeburu Maite Iglesias-ek eta Zero Sette Akordeoi Orkestraren zuzendari Jose Manuel Crespo-k oroigarri bana eman die: Akordeoiaren olatua eskultura, Willy Berasaluze artistak apropos jaialdirako sortutakoa. Behin eta berriro makurtu dira artistak ikus-entzuleen aurrean, bota dizkieten loreak eta txaloak eskertzeko.

Bihar izango da Santa Zezilia eguna, musikarien patroiaren eguna. Zero Settekoek omenaldi ederra egin diote aurten ere. 2022an, gehiago, eta hobeto ere bai ahal dela, zaila izango den arren.

Erlazionatuak

Tangoen historian zehar bidaiatzen

Txintxarri Aldizkaria 2021 aza 21 Kultura

Pietro Roffi bakarlariaren trebezia

Txintxarri Aldizkaria 2021 aza 21 Kultura