Herriko komertzioetan erosteagatik zortedun izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 20a, 08:30

Pura Suerte kanpainako sariak banatu dituzte Aterpea merkatarien elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Lau saridunek 500 euroko txartel bana jaso du, Lasarte-Oriako dendetan xahutzeko. 

Aterpeako kideez gain, Agustin Valdivia alkateak eta Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandez-ek parte hartu dute ekitaldian. Hauek izan dira 500 euroko txartelak irabazi dituzten lasarteoriatarrak: Mabel Pedreira, Sanae Mokhlis, Marian Iparragirre eta Isabel Lopez. Hamarna euroko 50 bonu jaso dituzte, eta eurek erabakiko duten arren, establezimendu ugaritan xahutzeko eskatu diete Aterpeakoek.

Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteko lehendakari Miguel Angel Prieto-ren hitzetan, "arrakasta" izan du kanpainak: "Gure helburuetako bat tokiko merkataritza sare sozialetan erakustea zen, erabiltzaileak erakartzea, eta lortu dugu". Eskerrak eman dizkie Lasarte-Oriako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailari, egitasmoa bultzatzeagatik.