Merkataritza establezimenduetan euskaraz eskatu eta eskaintzeko egitasmoarekin bat egin du Lasarte-Oriak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 19a, 11:24
Aterpea merkatarien elkarteko kide Ana Laureano eta Ramon Ormazabal-ek eta Lasarte-Oriako Euskara batzordeburu Jon Antxordoki-k aurkeztu dute egitasmoa.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Politika Sailburuordetzak sustatutako kanpaina da Betikoa, gertukoa; merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko egitasmoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko udalei luzatu die bat egiteko gonbita, eta baietz esan du Lasarte-Oriako Udalak. Artikulu honetan jaso ditu txintxarri aldizkariak ariketan parte hartzeko gakoak.

Zertan datza ariketak?

Bezeroak

  • Euskaraz hitz egiten dakitenek, lehen hitza euskaraz egingo dute, eta erosketak egitean edo kontsumizio bat hartzera joatean, salerosketa horretan euskaraz jardungo dute, euskaraz ulertzen duten edo euskaraz dakiten establezimenduetan.
  • Euskaraz ulertzen dutenek, berriz, lehen hitza euskaraz egingo dute, euskaraz ulertzen dutela adierazteko. Horrez gain, ahal dutena euskaraz esateko ahalegina egingo dute, eta dendaria euskalduna denean, berari euskaraz egiteko eskatuko diote.

Dendariak eta ostalariak

  • Euskaraz hitz egiten dakitenek, lehen hitza euskaraz egingo dute, eta euskaraz dakiten eta euskaraz ulertzen duten bezeroak euskaraz atendituko dituzte.
  • Euskaraz ulertzen dutenek, aldiz, lehen hitza euskaraz egingo dute, eta euskaraz dakiten bezeroak hizkuntza horretan mintzatzera gonbidatuko dituzte.

Zergatik merkataritza eta ostalaritzan?

Herritarren egunerokoan gertuen dagoen ekonomia sektorea delako. Herriko bizitzan, paisaia linguistikoan, giroan...eragin nabarmena duelako. Horrez gain, herritar askori lana ematen dien sektorea ere badelako. Horregatik guztiagatik, merkataritza sektorea estrategikoa da euskararen normalizazio prozesuan.

Iraupena eta parte hartzea

Betikoa, gertukoa kanpainak abenduaren 31ra arte iraungo du. Merkatariren batek bat egin nahi badu, Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuarekin jarri behar du harremanetan, telefono hauetako batera deituta: 943-37 61 84 edo 646 79 78 30.