COVID-19

Lasarte-Orian 11 kutsatze atzeman dituzte astelehenetik asteazkenera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 18a, 12:48

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hilaren 15etik 17ra arteko datu epidemiologikoak eman dituzte. Azken asteetan astean behin berritu dituzte, baina hemendik aurrera astelehen eta ostegunetan argitaratuko dituzte buletin informatiboak, "udalei lana errazteko". Hiru egun horietan 11 positibo zenbatu dituzte Lasarte-Orian, eta azken hamalau egunetan, 50. Intzidentzia tasa metatua 262,54 da. 

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.234 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,7). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza mankomunitatean dauden sei udalerrietan 125 kasu erregistratu dituzte astelehenetik asteazkenera. Intzidentzia tasen grafikoan ikus daitekeenez, adierazle horiek 400 baino baxuagoak izanda ere, eremu gorrian daude, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aldatu egin baitute semaforoaren koloreak emateko muga. Eusko Jaurlaritzak asteon iragarri dituen neurri osagarriak 150etik gorako intzidentzia duten udalerriek aplikatu behar dituztenez, hortik gora dauden guztien datuak gorri kolorez eman dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia tasa 232,08 da batez beste. Osakidetzako ospitaleetan 144 pertsona daude ingresatuta, horietatik 30 sintoma larriekin, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.