Jarduera ugari egingo ditu Jalgune elkarteak, 30 urte bete dituela ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 18a, 10:23
Jalguneko kideak, udal ordezkariak eta kolaboratzaileak, prentsaurrekoan.

Jalgune elkarteko kideek jaialdi koloretsua oparituko diote Lasarte-Oriari hilaren 27an, Manuel Lekuona Kultur Etxean, 18:00etan hasita. Horrez gain, bi bideo grabatuko dituzte, 30 urte horietan zehar lagun eta elkarteekin bizi izan dituzten "une guztiak batzeko". Hori gutxi balitz, Ttakun Kultur Elkartea, Aterpea eta Ore Ama obradorearekin ekimen berezia prestatu dute abenduaren 3rako. Adi irakurri egun horretako TXINTXARRI aldizkaria!

Exta-sí, exta-no, esta me gusta me la como yo dio Chimo Bayo DJ eta musika ekoizlearen kanta batek. Hori abesten ekin diote prentsaurrekoari Jalgune elkarteko kideek, ez kasualitatez: 1991n kaleratu zuen abesti hori, eta orduko belaunaldiaren ereserki bilakatu zen. Urte berean, proiektu berri bat jaio zen Lasarte-Orian, zenbait gurasoen beharrei erantzuteko: Jalgune. "Bayoren kantak bezala, gure elkarteak aldaketa bat ekarri zuen herrira", adierazi dute. "Hasiera ez zen erraza izan, ez ginen denen gustukoak izan, baina jaio ginenez geroztik, belaunaldi askok gozatu dute Jalgunerekin". Agerraldian izan dira baita ere udal korporazioko kide diren alderdi politikoetako ordezkariak, Ttakun Kultur Elkarteko zuzendaritza batzordeko kide Inma Muñoa eta Ore Ama obradoreko kide Joseba Rekondo.

Jalguneren ibilbideko lehen zutabea "familia" izan zen, "Lasarte-Oriako Udalarekin batera", elkarteko kideek gogoratu dutenez. "Hasierako uneetan zein hurrengoetan, amabitxi eta aitabitxiak oso garrantzitsuak izan dira, eta gureak balio handikoak dira: Pirritx, Porrotx eta Marimotots; eta Semblante Andaluz". Beste zutabeetako bat "lagunak" direla esan dute, eta "oso harro" daudela beraienez. "Esperientziak, emozioak eta helburuak partekatzen ditugu; elkar aukeratu genuela uste dugu". Elkarrekin "dantzatzeagatik, kantatzeagatik eta ikasteagatik" eskerrak eman dizkiete.

Ospatzeko, jaialdia eta bideoak

Jalguneko kideek adierazi dute oso gustuko dutela gozatzea, are gehiago ospakizun urtea denean. Elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta horretarako, jaialdi koloretsua oparituko diote herriari hilaren 27an, Manuel Lekuona Kultur Etxean, 18:00etan. Ohi bezala, lagun ugarik parte hartuko dute emanaldian. Bideoz grabatuko du TXINTXARRI-k, eta bere atari digitalera igoko.

Beste bi bideo Jalgunek grabatuko ditu, baina ez bakarrik. Urtebetetze bideoklipa izango da bat, zorion mezuak bidali dituzten elkarteen piezekin egindako muntaia, Semblante Rociero koruko kide batek sortu eta Jalgunerekin batera abestutako kanta batekin. Bestea Pausoka, pausoka abestiaren bideoklipa izango da; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek egin zuten. Isa Fernandez de Agirre herritarrak lagunduko die bideoa grabatzen Jalguneko kideei. "Bi ikus-entzunezko horiekin gure amabitxi eta aitabitxiak omendu nahi ditugu. Gainera, familiak eta lagunek ere parte hartuko dute; urtebetetze ospakizun biribila izango da!". Zehaztu dute herritar zein elkarteei zabaldu dietela parte hartzeko deia. 

Hiru hamarkadak ospatzeko irrikaz daude: "Urteak betetzearen gauza garrantzitsuenetako bat uneak partekatzen jarraitzea da, eta lagun politenak ditugu horretarako".

Adi abenduaren 3ko TXINTXARRI-ri!

Sorpresaz betetako agerraldia egin dute Jalgune elkarteko kideek. Horietako bat hau izan da: abenduaren 3a aniztasun funtzionala duten pertsonen zein euskararen eguna denez, ospakizuna herritarrekin partekatuko dutela, Ttakun Kultur Elkartea, Aterpea eta Ore Ama obradorearekin elkarlanean. Abenduaren 3an argitaratuko dugun paperezko TXINTXARRI-n honakoa topatuko duzue: Ore Aman sari gozo batengatik trukatzeko txartela, eta Aterpearen ehun euroko bi sariren zozketan izena emateko orriak.