Herritarren artean azkarrenak Gorka Gil Martin (01.09.08) eta Maite Salazar Badiola (1.27.16) izan ziren.
Gilek bere seigarren parte-hartzea zuen; 2019ko denbora hobetu ez arren, bere sailkapenik hoberena lortu du: sailkapen orokorreko 41. postua eta beterano mailako zortzigarren postua.
Salazarrek, berriz, 2019an ezarritako marka ondu zuen 30 segundotan. Bederatzi aldiz parte hartu du herritarrak eta urtez urte denbora hobetzen joan da.
Ez ziren bere marka ondu edo hobetzetik gertu ibili ziren herritar bakarrak izan. Unai G. Somovilla Herrerok, esate baterako, junior mailako 5. postua eskuratu zuen. Somovillak 2019 urteko marka lau minututan jaitsi zuen.
Urduñan ere lehian
Behobia -Donostia lasterketan ez ezik, IV. Urduñako Mendi Lasterketan ere izan ziren herritarrak lehian egun horretan bertan.
Proba nagusian, Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarte-ko Javi Olazagoitia Rodriguez eta Ines Aguado Blanco kideek parte hartu zuten. 33 kilometro eta 1.750 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea 04.14.00 denboran egin zuen Olazagoitiak; Aguadok, berriz, lau ordu eta 35 minutu behar izan zituen.
Aurten estreinakoz 33 kilometrotako txandakako proba ere antolatu da. Horretan LOTMEko Marc Bages Bosch eta David Garcia Romero lehiatu ziren eta zazpigarren postua eskuratu zuten, 03.10.00 denbora eginez.