Buruntzaldea IKT-ko igerilari gazteenak ere uretan dira lehian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 17a, 13:00
Kirol Zehaztasun Ligako lehen jardunaldian lehiatu ziren igerilarietako batzuk. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKT-ko igerilariek  bi hitzordu izan zituzten azaroaren 13an, Tolosan: Kirol Zehaztasun Ligako lehen jardunaldia eta Alebin Ligako 2. jardunaldia

Igeriketa taldeko txikienek denboraldiko lehen txapelketari egin zioten aurre. 2013an eta 2012an jaiotako haurrek, gainera, lehenengoz egin zuten jauzi uretara txapelketa batean. 

Horiek hamabi igerilari izan ziren. Bakarka 50 m. libre proba lehiatzeaz gain, 6x25 m. bizkar estiloko errelebo mistoan ere parte hartu zuten. 

B mailako benjamin mailako sei igerilari (2011 urteko neska-mutilak eta 2010 urteko mutilak), aldiz, 50 m. bizkar proban eta 100 metro librean aritu ziren. 

Urduritasunak alde batera utzi eta guztiak "txukun" aritu zirela azaldu du taldeko arduradun Borja Apeztegiak.

Alebinak ere ederki

Alebin mailako kideek ere "maila ederra" erakutsi zuten Ligako bigarren jardunaldian.

Buruntzaldea IKTko hamabi gaztetxoek bi proba lehiatu zituzten: 200 m. lau estiloak eta 100 m. libreak. Mutilek 4x200 m. erreleboan ere parte hartu zuten. 

Proba luzeari "beldurrik gabe" eta "ausardiaz" aurre egin zioten igerilariek Apeztegiaren hitzetan. Estilo libreko saioan "sendo" igeri egin zutela ere aipatu du.

Gainera, Mario Amantegik erreleboko azken postan egindako lana nabarmendu du. Ondorioz, lehen postuetan izan ziren igeriketa taldeko kideak.

Igeriketa taldeko kideek,ordea, ez dute atsedenik izango. Azaroaren 13an, absolutu, junior eta infantil mailako igerilariek Neguko Ligako 3. jardunaldia jokatuko dute Andoaingo Allurralde kiroldegian.