Intza 3. Mailako Bikotekako Txapelketako final-laurdenetan da

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 17a, 11:30
Intza-ko Nagusien 3. mailako bikoteak Hernani nagusitasunez garaitu zuen.

Pilota jaialdia izan zen Michelin kirol gunean azaroaren 13an. Intza Pilota elkarteko kadeteek ez zuten zorterik izan; nagusiek, berriz, Hernani garaitzearekin batera, finalerako bidea hartu dute

Kadete mailako partida izan zen goizeko lehena. Jokin Lizasok eta Beñat Olazabalek Aloña Mendi-ren bikotea izan zuten aurrez aurre. Lehen zati borrokatua jokatu zuten kadeteek. 7-12 markagailuan zela, ordea, aurkariek jokoa bere egin eta hamar tanto jarraian egin zituzten partida irabazteko. Intzako gazteek ezin izan zuten ezer egin.

Nagusien 3. mailako bikoteak, berriz, lehen faseari amaiera ezin hobea eman zion garaipenarekin. Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak hasieratik jokoan nagusi izan ziren eta ez zioten Hernani-ri aukerarik eman.

Intzako nagusiek ez dute partidarik galdu lehen fasean eta txapelketako final-laurdenerako sailkatu dira. Oraindik ez dakite zein izango den euren aurkaria.

Jubenil mailan, berriz, Añorgako pilotalekuan izan zen Añorga-Intza neurketa. 

Lehen minutuetan ederki jokatu zen Haritza Diaz de Gereñuk eta Pedro Eloseguik osatutako bikotea. Tamalez, pixkanaka indarrak galtzen joan eta Añorga 22-10 gailendu zen.

Bakarkako lehia
Gipuzkoako Elkarteen Arteko Bikotekako Txapelketa amaitzear dagoela, banakako lehia hasiko da.

Haritza Diaz de Gereñu jubenilak eta Beñat Olazabal kadeteak lehen jardunaldia jokatuko dute azaroaren 20an eta 21ean. Ataungo Eizaguirre eta Soraluzeko Caramanzana izango dituzte aurkari, hurrenez hurren.