Azken asteotan goraka egin dute posiibo kasuen EAEn eta joera hori eten asmoz, neurri osagarri berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak; 100.000 biztanleko 150etik gorako intzidentzia tasa duten herriei eragingo diete muga berri horiek. Bi neurri nagusi eman dituzte aditzera; batetik, prebentzio neurriak bete ezin daitezkeen egitasmo jendetsuak bertan behera utzi edo atzeratzea eta, bestetik, berriz, COVID ziurtagiria eskatu ahal izatea. Azken hori egikaritzeko baimena eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari. Gaueko aisiarekin lotura duten eremuetan ezarri nahi du jaurlaritzak ziurtagiria.
Prebentzio neurriak bete daitezkeen barruko zein kanpoko jardueretan, aldiz, udalek handitu egin beharko dituzte, besteak beste, publikoarentzako guneak eta jendearen zirkulazioa arintzeko bideak ere ireki beharko dituzte.
Neurri osagarri horiek gaurtik aurrera egongo dira indarrean, eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du astean bitan argitaratuko duela txosten epidemiologikoa; astelehenetan eta ostegunetan egingo dute. Aipatu azken txosten horren arabera, EAEn 103 herrik gainditzen dute 150eko inzidentzia tasa, gipuzkoakoak gehienak.
Ospitaleetako egoera
Osasun Sailak azaldu duenez positibo kasuen gorakada ez da oraindik gehiegi antzematen ospitaleetan. Halere, ohartarazi du intzidentzia tasaren gorakadak aurrerago izaten duela eragina. Hala, gaur-gaurkoz 116 gaixo daude gela arruntetan, eta 27 zaintza intentsiboetako unitatean.