Nahiz eta borrokatu, Ostadar Boleibol saileko taldeek ezin izan zituzten puntuak eskuratu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 17a, 10:05
Euskal Ligako 2. Mailako taldeak ezin izan zuen Galdakao garaitu. Arg.: Ostadar Boleibola.

Boleiboleko zaletuek bi hitzordu izan zituen azaroaren 14an, goizean, Maialen Chourraut kiroldegian. Ostadar Boleibola ataleko senior taldeak eta kadeteek jardunaldia izan zuten. Tamalez biek esku hutsik amaitu zituzten neurketak

Eskolarteko mailako kadeteen Irekiera Txapelketako hirugarren partida jokatu zen lehenik. 

Hernani izan zuten aurkari talde urdin-beltzeko txikienek. Nahiz eta etxeko jokalariak hasiberriak izan, neurketa borrokatua izan zen: 25-20;25-19 eta 25-16.

Taldeak txapelketako hiru jardunaldi jokatu ditu eta hirurak galdu ditu. Hala ere, Asier Acuriola entrenatzaileak azaldu duenez, "taldeak izaera du. Horri eta lanari esker, denboraldi honetan partidak borrokatu eta garaipen bat lortzea posible ikusten dugu".

Berdindua

Euskal Ligako 2. Mailako partidan berriz, Ostadarrek eta Galdakao BT-k neurtu zituzten indarrak. Partida parekatua izan zen eta bizkaitarrek lortu zuten garaipena, 1-3.

Partida gaizki hasi zuen talde urdin-beltzak. Akats ugari izan zituen bai sakean, baita baloia hartzerakoan ere. Ondorioz, aurkariak eraman zuen seta, 15-25.

Arazoak konpondu eta bigarren set borrokatua jokatu zuten; Ostadarrek 30-28 irabazi zuen.

Hirugarren zatian, berriz, partida hasiera mamuak itzuli ziren eta atzetik joan zen etxeko taldea. Galdakaok eraman zuen seta, 18-25. 

Azken zatian, berriz, Ostadar izan zen aurre hartu zuena. Azken tantoetan, ordea, ez zuen asmatu eta bizkaitarrek eraman zuten seta eta partida, 24-26.