Alex Saleta erabakigarria izan zen Europako txapelketako garaipenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 16a, 09:40
Alex Saleta, Europako Txapelketako urrezko dominarekin. Arg.: A. Saleta

Partida zaila zuen Espainiako 20 urtez azpiko taldeak, azaroaren 13an, Coimbran (Portugal). Europako Txapelketako finalean, etxeko taldea eta azken urteetan maila horretako txapeldun izan den Portugal zuen aurrez aurre. Alex Saleta herritarrak eta bere taldekideek gogor borrokatu eta 9-15 irabazi zuten lehia. Herritarra bigarren zatian sartu arren, erabakigarria izan zen garaipenean

Talde lusitaniarrak aurre hartu zuen hasierako minutuetan. Jokoaren erritmoa ezarri eta bi zigor ostikoz baliatuz 0-6 jarri zen markagailuan.

Saletaren kideek ez zuten amore eman eta etxeko taldearen joera moztu zuten. Aurkariari oinarekin jolastera behartu eta  erasoan pixkanaka-pixkanaka gailentzen joan zen. Ondorioz, zigor ostiko eta entsegu batek  aurretik jarri zuen Espainiako taldea, 8-6.

Atsedenerako txistua baino lehen, ordea, Portugalek zigor ostiko berri bat sartu zuen, 8-9.

Bigarren zatia, indartsu hasi zuen Espainiako selekzioak. Hutsuneak baliatuz aurrera egin eta aurkariaren zelaira eraman zuen jokoa.

Tamalez, txartel horia atera zioten 20 urtez azpiko taldeko kideetako bati eta Portugalek jokoa berdintzeko baliatu zuen.

Minutuak pasa ahala, gainera, zelaia irabazten joan zen eta puntuak lortzeko zorian egon zen behin baino gehiagotan.

Partida amaitzeko zegoela, Saletak erabakigarri izango zen jokaldiari eman zion hasiera. Erasora jo zuen herritarrak metro batzuk irabaziz eta Fonsecari baloia pasa zion. Marrara iristea lortu zuen hegaleko jokalariak.  Galik, gainera, ez zuen ostikadan huts egin eta zazpi puntu horiei esker, Europako txapela buruz aldatu zen. 

Saleta eta bere taldekideek pozarren hartu zituzten Europako txapelketako garaikur eta urrezko dominak.

Lehiaketako finalera iristeagatik gainera, World Rugby U20 Trophy txapelketa jokatzeko txartela ere lortu du Espainiako taldeak.