Atsobakar kirol eremuko lanen harira, udal gobernuari foru aldundiarekin negoziatzeko eskatu dio EAJk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 16a, 09:15
EAJko bozeramaile Jon Antxordoki, Maialen Chourraut kiroldegia atzean duela. Argazkia: Lasarte-Oriako EAJ.

Atsobakar kirol eremua 2020rako eraikitzen hasi ez izanagatik udal gobernuak 250.000 euro inguru ingresatzeari utzi diola salatu du EAJko bozeramaile Jon Antxordoki-k. Alkateari eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu Harkaitz Millan-ekin eseri eta negoziatzeko.

Antxordokik gogorarazi du foru aldundiak 252.829,72 euro esleitu zizkiola udal gobernuari 2017. urtean, Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen 2017-2020 Plan Estrategikoaren barruan. Dirulaguntza hori jasotzeko "baldintza bakarra", bozeramaile jeltzalearen aburuz, Atsobakar kirol eremuko lanak 2020a baino lehenago hastea zen. "Egia da Usurbilgo Udalak eragozpenak jarri dituela 2017. urtetik: administrazio izapideak eta txostenak eskatu ditu, legezko epeen mugetan askotan, lanak atzeratzeko helburuarekin. Lursaila Lasarte-Oriako Udalarena da, baina Usurbilgo lurretan dago". 

"Finantzazioa ezin dugu galdu"

"Bi udalen arteko desadostasun tekniko baten artean ebazteko eskatu zitzaion foru aldundiari, Usurbilek eskatzen zituen txostenak beharrezkoak ziren ala ez erabakitzeko", adierazi du Antxordokik. "Oztopo horiei guztiei gehitzen badiegu COVID-19ak eragin duen geldialdia, hauxe da egoera: 2021ean gaudela eta Atsobakarreko lanak ez direla hasi". 

Horren eraginez, udal gobernuak ez du foru aldundiaren dirulaguntza hori ingresatu, bozeramaile jeltzaleak deitoratu duenez. "Finantzazio hori ezin dugu galdu; ezinbestekoa eta beharrezkoa da alkateak diputazioarekin negoziatzea".