Gai ordeneko aurreneko bi puntuak azkar batean landu ditu korporazioak: urriaren 14ko batzarraren akta onartzea eta 2021ean kredituak aldatzeko egin diren dosierren berri ematea.
Michelin II eremua merkatalgune bilakatzeko urratsak egiten jarraitzen du Lasarte-Oriako Udalak. Azaroko bilkuran onartu dutena izan da Plainco SA enpresarekin hitzarmena sinatzea. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu dute, abstenitu egin da ELOP eta aurka bozkatu du EH Bilduk. Uxue Loinaz zinegotziak azaldu ditu zergatiak: "Hasieratik azaldu gara egitasmoa egikaritzearen aurka. Industriara bideratutako 500 lanpostu beharrean, hirugarren sektorera bideratutako postu prekarioak sortuko dira; proiektuak ez dio balio gehigarririk ematen Lasarte-Oriari".
HAPO plana idazteko irizpideak
Hamabost urte inguruko iraunaldia izango duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) egiteko prozesuan dago udala. Udalbatzarrean dokumentua erredaktatzeko irizpide orokorren gainean jardun dira. Horiek onartzea bozkatu dute PSE-EEk eta EAJk, abstenitu egin da ELOP eta aurka bozkatu du EH Bilduk. Loinazek hartu du hitza berriro, eta adierazi du EH Bilduri iruditzen zaiola "oso xumea" izan dela alderdi politiko zein herritarren parte hartzea. "Prozesua ezkutuan egiten ari dela uste dugu; iradokizunak egin arren, pisuzko aldaketarik txertatzeko asmorik ez du erakutsi udal gobernuak".
Koalizio subiranistako zinegotziak azpimarratu du alderdia ados dagoela txostenaren helburu orokorrekin, baina ez aurrerapen dokumentuan jaso diren irizpideekin. "Gure hiri ereduarentzat ezinbestekoak diren printzipioak ez ditu jasotzen". Etxebizitza politika, mugikortasuna, espazio berdeak eta jarduera ekonomikoak aipatu ditu.
Zubillaga baserriaren egoera
Urnieta bidean dago Zubillaga baserria. Zataraingo urbanizazioa egiteko lanak direla-eta, tona askoko kamioiak joan eta etorri ibiltzen dira egunero, errepidetik. Jarduera horrek zartadurak eragin ditu etxaldean, jabeek salatu dutenez. Behin baino gehiagotan hitz egin du korporazioak gaiari buruz, eta udal gobernuak zein Gipuzkoako Foru Aldundiko "ezer" egin ez dutela ikusita, mozio bateratu bat aurkeztu dute ELOP, EAJ eta EH Bilduk. Azken alderdi horretako bozeramaile Jon Martin-ek irakurri du. Honakoa eskatu dute hiru udal taldeek: aldundiak erantzukizuna hartzen ez duela ikusita, udalak "berehala" har ditzala bere gain errepideko lanak; GI-3832 errepidetik Zatarainera kamioiek joateko baimena bertan behera uztea; emandako baimena berrikustea EAEko 2012ko kutsadura legea kontuan izanda; eta aurreko hiru erabaki horien berri ematea aldundiari. Ozta-ozta, baina onartu egin dute mozioa: aurkeztu dutenek alde bozkatu dute, eta PSE-EEk aurka.
EH Bilduren irudikoz, arduradun nagusia foru aldundia da, baina udalak "askoz gehiago" egin dezake Zubillaga baserriko bizilagunak babesteko. "Zataraingo plana udalak sortu eta onartu du; kamioi pisutsuen joan-etorrien arazoa konpontzeko bide alternatiborik ez du eskaini, eta ezin du beste alde batera begiratu, ezin ditu herritarrak babesik gabe utzi". Antzeko hausnarketa egin du EAJko zinegotzi Estitxu Alkorta-k. "Urteak daramatzagu arazoa konpondu gabe, udalak tresnak ditu aferan esku hartzeko: trafikoa erregula dezake, baimena berrikus dezake... Oinarrian, borondate falta ikusi dugu, arduradunek ez baitute ezer egin".
PSE-EEko zinegotzi David Mateos-ek alderdi sozialistak ezetz bozkatu izanaren zergatiak esplikatu ditu. "Mozioa aurkeztu duten udal taldeek ez dute hausnarketa serio eta arduratsua egin. Esate baterako, obra baimena berrikustea proposatzen dute, baina ondorioei jaramon egin gabe. Epaitegietara joango litzateke, eta sustatzailearen jarduna eteteagatik kalte ordain oso altua ordaindu, milioika euro. Horrez gain, babes ofizialeko 72 etxebizitza bukatu gabe geratuko lirateke, eta herriak premia du".
Galdera eta erreguetan, erraustegia
EH Bildu izan da galdera eta erreguen txandan hitza hartu duen bakarra, Zubietako erraustegiaren gainean hitz egiteko. Gurasos plataformak berriki salatu duenez, 2020ko maiatzean jazo zen amoniako isuria "kontzienteki" egin zuten azpiegituraren kudeatzaileek, "legez kanpoko benetako isuria ezkutatzen saiatzeko". Guardia Zibilak eman du horren berri, afera ikertzeko egin duen txostenean. Horren harira, koalizio subiranistak udal gobernuari eregutu dio eska dezala balizko istripuen aurrean herritarrak babesteko protokoloa Eusko Jaurlaritzan, "dagokion sailean". Gehitu du "asko" kezkatzen duela erraustegiaren arduradunen jokabideak: "Isuriak estaltzen ari dira, eta gezurrak esaten".
Agustin Valdivia alkateak erantzun dio: "Isuriaren kontuarengatik zigortu behar dutena zigortzea espero dut. Protokoloari dagokionez, ikusiko dugu noren ardura den, Eusko Jaurlaritzarena ala Donostiako Udalarena".