Flamenko doinuak kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 14a, 17:22

Homenaje a Niña Pastori emanaldia taularatu du Tabita taldeak kultur etxean. Semblante Andaluz elkarteak eta Euskal Herriko Andaluziar Etxeen Federazioak (FARAE) elkarrekin antolatutako ikuskizunaz gozatu dute dozenaka lasarteoriatarrek.

Niña Pastori (Maria Rosa Garcia-ren izen artistikoa da) flamenko musikari ezagunaren pieza ezagunenak oholtzaratu ditu Tabita taldeak: Cuando te beso, Válgame dios eta Y, ¿si fuera ella?, beste batzuen artean. Kultur etxera bertaratu diren herritarrek gogotik txalotu dute Tabitako kideen ahalegina. Kontzertu hori izan da Semblante Andaluz elkarteak eta FARAEk elkarrekin antolatu duten jardunaldiaren ekitaldi nagusia. Bukatu denean, Euskal Autonomia Erkidegoan zehar dauden andaluziar etxeetako ordezkariek eta udaletxekoek mokadutxoa jan dute kafetegian. Pandemia lehertu aurretik oso ohikoa zen luntxa bertan egitea, eta badirudi pixkanaka ari direla ohitura horiek berreskuratzen. Luzerako izan dadila.

Edonola ere, koronabirusak gure artean jarraitzen duela argi dago. Semblante Andaluzeko lehendakariorde Pablo Dominguez-ek aurkeztu du jardunaldia, eta azaldu Jose Mari Mellado lehendakariak ezin izan duela joan, COVID-19agatik konfinatuta baitago. Hastear zegoen kontzertua "oso maila onekoa" izango zela aurreratu zuen Dominguezek, eta ez zebilen oker; Niña Pastori kultur etxean balego, harro legoke Tabitak egin zion aitortzaz.