Aisia eskaintza "berritzailea", gazteentzako

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 15a, 10:00

Lasarte-Oriako Quantum Escape Room-ak eta udalak, elkarlanean ihes joko bat antolatu dute azaroaren 26rako. DBH3-4 mailako gazteei zuzendutako jarduera da eta Gaztelekuan egingo dutela iragarri du

Gazteei "aisialdi alternatiboa" eskaintzeko asmoz, "jarduera berritzailea" antolatu dute Lasarte-Oriako Quantum Escape Room-ak eta udalak, elkarlanean. Egitasmo horren berri eman dute  ihes-gelako ordezkari, Alex Zubizarreta-k, Agustin Valdivia alkateak eta Txus Alonso Gazteria eta Festetako zinegotziak. Iragarri dute 13 eta 14 urte dituzten herritarrei zuzenduta dagoela egitasmoa eta Gaztelekuan egingo dutela, bi txandatan; 17:00etan lehena eta 19:00etan bigarrena. Edukiera mugatua izango da. Gehienez 30 pertsonek parte hartu ahal izango dute, bozpasei pertsonako taldeetan banatuta (izen emate gehiago jasotzen badira, erreserba zerrenda osatuko dute).

Ez da ohiko Escape Room bat izango, hain zuzen ere, espazioa elementu eta mekanismo batzuekin itxita dago leku batean garatzen delako hori. Escape Game-a, aldiz, antzeko ihes-joko bat da. Hainbat igarkizun ebaztean datza, baina bezeroaren eskarira egokituta dago, kasu honetan Lasarte-Oriako Udalarenera. Horrela azaldu du Zubizarretak: "Udalerriaren historiarekin zerikusia duten hainbat asmakizun ebaztean datzan jarduera bat sortu da".

Miguel de Okendo, istoriaren abiapuntua

Jokoaren hari eramalea izango den istorioaren berri eman du ihes gelako ordezkariak; Miguel de Okendo da abiapuntua. Kontatu du Espainiako armadan egon zela eta Portugalen jazotako gerra batean istripu bat izan zuela. Hala, bere bizia salbatzeko otoitz egin zuela, eta aldi berean, promesa bat ere bai; eskatutakoa betetzen bazen, komentu bat egingo zuela Lasarte-Orian, Brasildik ekarritako Konsuelo Ama Birjinaren irudia gordetzeko. Eskaria bete zitzaionez sortu zuen Ama Brigitarren komentua. 

Egiazko historia hori, berriki udaletxe berrian, komentuaren inguruan egin den obra berri batekin lotura duen asmatutako istorio batekin uztartu dute. Asmakeria horren arabera, lan horietan, Migel Okendorenak izan zitezkeen XVII. mendeko hainbat kutxa agertu dira eta uste dute kutxa horietan Brasildik Ama Birjinarekin batera ekarritako urrezko txanpon eta altxor batzuk egon daitezkela. Istorio horren bidez, parte hartzaileak jokoarekin bat egin dezaten nahi dute, eta aditzera eman, altxorrak egon daitezkeela barruan. Giltzarrapoak edo mekanismoak irekitzen joateko asmakizun batzuk ebatzi behar dituzte. “Istorioa Lasarte-Orian dago oinarrituta, eta, asmakizunak ebazteko, herriko hainbat gauza ezagutu beharko dituzte, hala nola eraikin historikoak, fauna eta eremuak, beren bizilekuko gauzak ongi ikas ditzaten. Historia eta tokiko ezagutza txertatzea da helburua, eta horrez gain, matematikako problema asko izango dituzte. Euren artean, taldean lan eginez jardungo dutela nabarmendu du Zubizarretak.

Asmakizun guztiak ebazten dituen lehen taldea izango da irabazlea eta saridun nagusia. Dena den, iragarri dute parte-hartzaile guztiek jasoko dutela saria. Garaile bakoitzak Smartwatch bat eramango du eta bigarren eta hirugarren postuan sailkatutako taldekideek 15 eta 10 euroko bonu trukagarriak eskuratuko dituzte; nahi dutenarekin trukatu ahal izateko.

Musikaz girotuta egongo da, istorioaren girotze gisa, eta zaintzaile batzuk ere egongo dira, jarduera pixka bat zaindu eta parte hartzaileek tranparik egiten ari ez direla ziurtatzeko. 

Izen ematea, zabalik

Izen-ematea zabalik dago dagoeneko, eta, ondorengo helbidean egin daiteke: https://quantum.eus/gazteleku/. Interesatuek bertan aurkituko dute informazio guztia. Izen emateak, hurrenkeraren arabera onartuko dituzte