Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolak abenduan bukatutzat emango du bere lana

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 12a, 12:00
Errepideko denboraldian ez da Buruntzazpiko maillotik izango pelotoian. Arg.: Uztarria

2008 urteko abenduan sortu zen Buruntzazpi Txirrindularitza Eskola Usurbilgo eta Lasarte-Oriako neska-mutilei txirrindularitzan ibiltzeko aukera emateko asmoz. Geroztik, hamabi urte igaro dira, hamaika txirrindulari prestatu dituzte pista, errepide edo ziklo krosean lehiatzeko, maila ezberdinetako lasterketak irabazi dituzte, taldeko hainbat gazte Espainian zein nazioartean lehiatu dira eta batzuek afizionatuetara egin dute jauzia. Eskolak, ordea, ateak itxiko dituela jakitera eman digu Xabier Carbayeda Eskolako arduradunak

Eskolak ez du txirrindulari faltarik. Carbayedak azaldu moduan, urtero maila ezberdinetako 15-18 gazte egon dira lanean taldearekin, iaz zehazki hamazazpi izan ziren. Eta zikloturista talde bat ere badute, "hogei bat kidekoa".

Taldeak ez du COVID-19aren eraginik jasan. "Gazteek ez dute utzi. Gainera, kasu bakarra izan dugula esan dezakegu. Egia esan,  gure kirolak nahiko erraztasun ematen ditu, aire librean da. Judo egiten dutenek zailtasun gehiago izan dituzte".

Arazoa talde teknikoaren kide kopuruan dago. "Eskola kudeatzen jende gutxi ginen. Orain bik uzten dute eta bi lagunen artean ezin dugu eskola aurrera eraman".

Ez da edonolako galera gainera, lasterketetarako kadete eta jubenil mailako zuzendaria galdu baitu taldeak. "Beraz, ez da edozein pertsona; pisudun eta tituludun pertsona bat behar genuen. Guraso batzuk laguntzeko prest agertu dira, baina postu horrek %100eko konpromisoa behar du eta zaila da horrelako pertsona bat aurkitzea", azaldu du Carbayedak. 

Gainera, talde teknikoko kide guztiek eskolan borondatezko lana egin dutela nabarmendu du eta euren lanak eta eskola uztartu behar izan dituztela: "Ordu asko dira saioak prestatzen, mutilekin lanean, gero bileretan federazioak, udalak… orain arte, moldatu gara. Baina egungo egoera kontuan izanik, taldea uztea erabaki dugu". 

Proiektuari agur esateak pena ematen diola onartu du txirrindularitza eskolako arduradunak: "Pena handia da. Hainbeste urteetan lanean ibili eta orain ezinezkoa zaigu jarraitzea". 

Ezarritako helburua beteta

Irakurketa positiboa egiten du txirrindularitza eskolak egindako lanaz. "Hamabi urte egin ditugu lanean. Ezarritako helburua bete dugu. Gure mutiletako batzuk afizionatu mailan daude. Gazteak gustura ibili dira eta emaitza politak izan ditugu", adierazi du.

Urte hauetan guztietan hainbat lasterketetan garaipenak lortu dituzte eta Gipuzkoako zein Espainiako selekzioarekin  Lehiatu dira gazteak. "Maila polita erakutsi dute gazteek. Orduak sartu ditugu, txiki txikitatik haiekin egon gara eta argi dago lagunduz gero, maila txukuna lortu daitekeela". 

Nahiz eta txirrindularietako batzuk ziklo-kros denboraldia Buruntzazpiren izenean hasi, "abendura arte, gurekin lizentzia amaitu arte" egongo dira taldeko maillotarekin lehian. 2022a, ordea, eremuko beste taldeekin batera egingo dute: "Gazteak inguruko taldeetan banatu ditugu. Gehienak Donostialdea taldean lehiatuko dira urtarriletik aurrera; batzuk, Andoain taldean; eta gutxi batzuk Zumaira joango dira. Jubeniletako azken urtea zuten batzuk afizionatu mailara ere egingo dute jauzia".

Carbayedak eskolako teknikoen izenean eskerrak eman nahi dizkie urte hauetan guztietan eskolan ibili diren gazteei: "Beti pozgarria da horrelako adinekin lan egitea eta azkenean eurek eta gurasoek sakrifizio handia egiten dute. Orduak, ekonomikoki ere ez da kirol merkea…". 

Era berean, barkamen eskaera bat egin du: "Noizbait zerbait gaizki egin badugu, barkamena eskatu, ez dago besterik".