134 herritar izango dira Behobia-Donostia lasterketako irteeran

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 12a, 10:00
2019 urtean, Behobia-Donostian parte hartu zuten herritar talde bat. Arg.: Isaac Farre Rico

Urtebeteko etenaldiaren ostean, azaroaren 14an, igandearekin lasterketa herrikoien proba nagusia egingo da, Behobia-Donostia lasterketa Aurtengo edizioak, ordea, pandemiak eragindako moldaketa txiki batzuk izango ditu

Horietako bat parte hartzaile kopurua izango da, %25a murriztu behar izan du antolatzaile den Fortuna Kirol Elkartea-k. Hala ere, 25.000 lasterkarik baino gehiagok izena eman dute Behobia eta Donostia arteko hogei kilometroak betetzeko helburuarekin. Horien artean, 134 herritar izango dira.

Kutsatzerik egon ez dadin korrikalari guztiek musukoa derrigorrez jantzita izan beharko dute irteeran eta helmugan. 

Pilaketak ekidite aldera, gainera, irteerak txandaka egingo dira. Ohiko koloreez gain, aurreko urteetako denborak kontuan izanik, taldeak osatu dira eta horren araberako irteera ordua zehaztu da aurtengo dortsaletan.

Era honetara, ohi den modura, 09:30ean, gurpildun aulkiko parte hartzaileek emango diote hasiera lasterketari; 09:35ean, patinatzaileen irteera izango da eta 10:00etatik aurrera, korrikalarien txanda iritsiko da.

Azkenik, kirolarien topalekua zen lasterketaren feria bertan behera utzi dute antolatzaileek. Lasterkariek euren dortsal eta poltsa jasotzeko bi aukera izango dituzte: antolatzaileek zehaztutako dendak edo Reale Arenan ezarritako gunean.

Behobia Txikia ere egingo da aurten; Gaztea ez, ordea. Etxeko txikiek azaroaren 13an, arratsaldeko 15:00etatik aurrera dute hitzordua Anoetako miniestadioan.