Ferraren bila kanpaina jarriko du martxan Aterpea elkarteak, hilaren 15ean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 12a, 11:00
Oria Txiki tabernan aurkeztu dute kanpaina Aterpeako eta udaleko ordezkariek.

Hilaren 15etik abenduaren 5era, Ferraren bila kanpaina egingo du Aterpea Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu enpresen elkarteak. Lasarte-Oriako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin prestatu du. Aterpeako lehendakari Miguel Angel Prieto-k azaldu ditu nondik norakoak: "Altxorraren bila joko ezagunaren antzera planteatu dugu: bezeroek urrezko ferra batzuk aurkitu beharko dituzte kanpainarekin bat egin duten dendetan".

Jakinarazi du 51 establezimendu atxiki direla, eta horregatik, hiru multzo egingo dituztela: hilaren 15etik 21era zenbait komertziok jarriko dute urrezko ferra, eta ezkutatu egingo dute gero; hilaren 22tik 28ra bigarren multzokoek egingo dute hori; eta hilaren 29tik abenduaren 5era, hirugarrenekoek. 

Sare sozialak

Urrezko ferrak aurkitu beharko dituzte bezeroek. Egiten badute, argazkia atera eta sare sozialetara (Facebook edo Instagram) igo beharko dute. Hori egitean, Aterpearen profila jarraitu eta bi lagun aipatu beharko dituzte. Horrez gain, parte hartzailearen profilak irekia izan beharko du eta ez pribatua, zozketa egiten duten arte gutxienez. Aterpeak 2.000 euro banatuko ditu erosketa txarteletan.

Agustin Valdivia alkateak adierazi du "berritzailea" iruditzen zaiola kanpaina. "Helburua da herritarrek tokiko merkataritza ezagutzea eta jakitea denda bakoitza non dagoen". Gehitu du udala "beti" egongo dela 
"laguntzeko prest".