Entrenamenduen emaitza, igerilekuko hitzorduetan ikusgai

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 11a, 14:00
Ligako 2. jardunaldian parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Hitzordu bikoitza izan zuten Buruntzaldea Igeriketa Kirol Talde-ko igerilariek: Neguko Ligako 2. jardunaldia eta Euskal Herriko Selekzioen arteko Txapelketa. Bietan ederki igeri egin zuten taldeko kideek eta hamazazpi marka berri ezarri zituzten

Azaroaren 6an, igeriketa taldeko infantil, junior eta absolutu mailako 11 igerilari Hernanin izan ziren Ligako bigarren jardunaldia jokatzeko. Ederki lehiatu ziren eta hamazazpi marka pertsonal ondu zituzten. 

Marka hobetu zuten igerilariak honakoak izan ziren: Garazi Etxeberria, 50 m. tximeleta (33,71); Iker Gorostegui, 400 m. lau estiloak, 5.42,84; Iker Gandia 400 m. lau estiloak (5.47,97) eta 50  m.tximeleta (34,99); Jurgi Sukunza, 50 m. bizkar (34,15), 100 m. bizkar (1.11,41) eta 100 m. lau estiloak (1.14,87); Miren Sarobe, 100 m. bular (1.31,62) eta 100 m. lau estiloak (1.19,16); Alba Escribano, 100 m. bular (1.44,40) eta 100 m. lau estiloak (1.26,50); Irati Etxeberria 200 m. libre (3.13,81), 50 m. bular (53,65) eta 100 m. bular (1.54,25) eta Mayi Gorostegui 200 m. libre (3.09,44), 50 m. bular (54,17) eta 100 m. bular (1.53,72).

Gutxienekoak

Buruntzaldea IKTko prestatzaile Borja Apeztegiak azaldu duenez, lortutako marka batzuk infantil mailako Gipuzkoako txapelketan lehiatzeko baliagarri izango lirateke: "Oraindik ez dira gutxienekoak zehaztu, baina bidali duten zirriborroko markak kontuan izanik, igerilarietako batzuk Gipuzkoako txapelketan parte hartuko lukete".

Iker Gorostegui, Iker Gandia eta aurreko jardunaldian parte hartu zuen Miren Sarobe izango lirateke sailkapena lortu duten gazteak. Gorostegui eta Gandiaren kasuan 400 m. lau estiloa proban parte hartuko lukete eta Sarobek, berriz, 20 m. lau estiloak proban.  

Gipuzkoa garaile 

Azaroaren 7an, berriz, Euskal Herriko Selekzioen arteko Txapelketa lehiatu zen, Iruñean. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako selekzioetako kideek euren onena eman zuten; Gipuzkoak eraman zuen saria.

Gure lurraldeko 29 igerilarik euren harritxoa jarri zuten garaipen horretan; horien artean, Buruntzaldea igeri taldeko Nora Imaz-ek.

400 m. eta 800 m. libre probetan  parte hartu zuen gazteak eta marka pertsonalik lortu ez bazuen ere, onenetik gertu aritu zen. Gainera, bietan hirugarren sailkatu zen.

Proba luzeena egin zuen lehenik Buruntzaldeako igerilariak eta 9.37,46 behar izan zituen proba amaitzeko; 400 metroko proba, berriz, 4.38,70 denboran egin zuen.