Saletak Portugalen aurka jokatuko du Europako txapelketako finala

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 11a, 11:00

Alex Saleta, txapela horiarekin, meleean. Arg.: Rugby Europe.

Portugal eta Espainia aurrez aurre izango dira azaroaren 13an Errugbi XVeko 20 urtez azpiko Europako txapelketan eta bertan izango da Alex Saleta Atorrasagasti herritarra

2019an, 18 urtez azpiko txapelketan zilarrezko domina jantzi zuen; azaroaren 13an, 20 urtez azpiko lehiaketan domina berria lortuko du herriko jolakariak.

Saleta eta bere taldekideek Alemania gainditu zuten final-laurdenean (47-18) eta finalerdian, berriz, Herbehereak (25-19). Bi partidetan hasierako hamabostekoan izan da Beltzak RTko harrobiko jokalaria.

Garaipenak

Azaroaren 7an, Espainia eta Alemaniaren neurketak txapelketari hasiera eman zion. 

Neurketako lehen zatia berdintsua izan zen eta 22-13 amaitu zen.

Bigarren zatia hasi eta Alemaniak partida borrokatu nahi zuela erakutsi zuen eta entsegu baten bitartez 22-18 gerturatu zen. Saleta eta bere kideek, ordea, ez zieten aukera gehiago emango.  Pixkanaka, jokoaren erritmoa aldatu eta euren nagusitasuna erakutsi zuten entsegu, transformazio eta zigor-ostikoei esker.

Era horretara, azaroaren 10ean, Herbehereak izan zituzten aurkari. Finalerdi borrokatua izan zen. 

Lehenengo minutuetan hiruna berdindu eta Herbehereek erasora jo zuten. Defentsan ere lan ederra egin zuen aurkariak eta errenta hartu zuen. Espainiako selekzioak zigor-ostiko bat besterik ez zuen sartzerik izan atsedenaldira iritsi baino lehen (6-13). 

Miki Puertas-en jokalariek, ordea, partidari itzulia ematea lortu zuten. Indarrez atera ziren eta hamahiruna berdindu zuten. Amaitzeko 10 minutu faltan entsegua lortu eta arnasa eman zion taldeari. Aurkaria saiatu arren, errenta handitzea lortu zuten 20 urtez azpiko kideek, entsegu eta transformazioarekin.