Arrosa zuri bana eskaini diete

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 10a, 17:05

Memoriaren Egunearekin bat eginik, Lasarte-Oriako Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek zein Bizikidetza Taldekoek lore eskaintza egin diete biktimei. Hainbat herritarrek ere bat egin dute hitzorduarekin. Agustin Valdivia alkateak adierazpen bateratu bat irakurri du, eta bizikidetzaren aldeko Akordio Etikoa, berriz,  foroko ordezkari Mari Karmen Ormazabal eta Begoña Urroz-ek .

Arrosa zuri bana eskuetan, Askatasunaren parkean elkartu dira udaleko ordezkari politikoak, asteazken eguerdian. Memoriaren Eguna da azaroaren 10a eta hitzordu hori baliatu dute biktima guztiak gogora ekartzeko. Bizikidetza Taldekoak ere bertaratu dira: Mari Karmen Ormazabal eta Begoña Urroz egon dira ekitaldian. 

Adierazpen bateratua irakurri du lehenik Agustin Valdivia alkateak. Bertan azaldu dute oroimenarekin, giza eskubideekin eta motibazio politikoko indarkeria jasan duten pertsona guztiekin duten konpromisoa adierazteko batu direla deialdira. Hala, berretsi du iraganari modu partekatuan begiratzeko eta sufrimendu guztia aitortzeko duten borondatea. Helburu hori lortzeko, Argituz elkarteak 2016an egindako Memoria partekatu baterantz txostenarekin lanean jarraitzen dutela ere jakinarazi dute. "Horrek ez du esan nahi gertatutakoaren irakurketa egiterako orduan desadostasunak ez ditugunik edo memoriari ikuspuntu desberdinetatik heltzen ez diogunik. Memoria kaleidoskopikoa da eta ertz asko ditu". Horregatik, gertatutako guztia mahai gainean jartzea "ezinbestekoa" dela iritzi dute: "Lasarte-Orian eman diren giza eskubideen urraketa eta sufrimendu guztiak aitortzea, eta maila lokalean behar diren bitartekoak jartzea beharrezkoa da pairatu dugun haustura soziala berreskuratzeko". 

Ulertzen dute gizarte gisa aurrera egin eta etorkizunean Lasarte-Orian bizikidetza bermatzeko iraganaren irakurketa partekatu egin behar dutela: "Elkarri begiratuz, elkarri entzunez eta elkar aitortuz. Printzipio demokratikoetan oinarrituz, pertsona erdigunean jarriz, enpatia praktikatuz eta sufrimendu guztia aitortuz". Oroimenak biktima guztien aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea sustatu behar dituela gaineratu dute. 

Udalaren aurtengo adierazpena, eskerrak emateko

Lasarteoriatarrei eskerrak eman dizkiete aurtengo adierazpenaren bitartez. Urte osoan zehar bizikidetza-mahaitik antolatu dituzten ekintzetan izan duten konpromisoagatik eta parte-hartzeagatik zuzendu dizkiete esker hitzak: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Bizikidetza Foroari, auzokideekin, sukaldean, giza eskubideen urraketen eta bestelako sufrimenduen biktimekin egindako lanagatik". Hitz horiei jarraiki ekarri dute gogora talde horrek antolatu duen Bizikidetzarako Memoria erakusketa zabalik dagoela. Antonio Mercero gunean dago ikusgai, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era zabalduko dute (astearte eta ostegun goizetan, 11:00etatik 13:00era ere bai), eta 11:00etatik 13:30era larunbatetan.

Bizikidetza Taldearen akordio etikoa

Aurtengo Memoriaren Eguneko ekitaldian, Bizikidetza Taldeko Mari Karmen Ormazabal eta Begoña Urroz-ek ere parte hartu dute. Alkateak udalaren adierazpen bateratua irakurtzeaz amaitu eta gero hartu dute hitza, eta bizikidetzaren aldeko Akordio Etikoa irakurri dute. Diskriminaziorik gabe, biktima guztientzat egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatu dute, eta honako bost puntu hauekin jarraitu dute hitzartzea gero:

  1. Lasarte-Oriako herria bertako pertsona guztiok osatzen dugu.
  2. Lasarte-Orian mota ezberdinetako indarkeria gertaerak egon dira pertsonen aurka. Gertaera hauek herriko bizilagunen bakea eta bizikidetza kaltetu dute.
  3. “Memoria partekatu baterantz” txostenak, 2017ko urriaren 5ean aurkeztua, Lasarte-Orian gertatutako indarkeriazko ekintzak eta testigantza eta hausnarketa ugari azaltzen ditu, iraganaren berrikuspen kritikoa egitera bultzatzen gaituztenak.
  4. Akatsetatik ikasi eta bizikidetzarako esparru egonkor bat bermatuko digun Akordio Etiko berri bat finkatu behar dugu.
    1. Bizitzeko Eskubidea eta Giza Eskubideak bere osotasunean babestu beharreko funtsezko baloreak dira eta bide berri honen erreferentzia izan behar dira, denak baitira beharrezkoak.
    2. Ideia eta posizio ideologiko, erlijioso edo politiko guztiak dira eztabaidagarriak eta denek merezi dute aintzakotzat hartuak izatea, betiere pertsona guztien osotasun fisiko, psikiko eta moralaren eskubidea errespetatzen dituzten heinean.
  5. Lasarte-Oriako biztanle bezala adierazpen hau askatasunez eta borondatez babestera eta Akordio Etiko honekin konpromisoa hartzera gonbidatzen zaitugu

Isilunea eta lore eskaintza, ekitaldia amaitzeko

Adierazpenen ostean, isilunea egin dute eta arrosen eskaintza gero. Loreontzian jarri dituzte denek, EH Bilduk ezik; hiru hilarri-totemetako batean jarri dituzte loreak.