Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailuan dauden bildumak erakusteko "leku aproposak" eskatu ditu Lasarte-Oriako PPk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 10a, 12:38

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailuak, lurraldeko historia eta gizartearen adierazgarri diren milaka ondasun artistiko eta arkeologiko dauzka gordeta. Kolekzio horretako piezak lurraldeko udalen esku jartzeko aukera dagoela azaldu du Lasarte-Oriako PPk, baina argitu, "zoritxarrez" udal gehienek, Lasarte-Oriakoak kasu, ez dutela aukera hortaz baliatzeko bitartekorik. Horri irtenbide emateko asmoz, zuzenketa bat aurkeztuko diote Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuari; diru-laguntzen lerro bat eskatuko dute, kultur etxeetan eta udal erakusketa-aretoetan espazio itxi bat egokitzeko, gordailuak zaintzen dituen bildumak Gipuzkoako udalerrietan egon daitezen

Lasarte-Oriako PPko bozeramaile Alejandro Saenzek eskatu du herriak espazio egoki bat izan dezala Gipuzkoa Foru Aldundiaren Gordailuan dauden ondasun etnografiko, artistiko eta arkeologikoak erakusteko. Gogoratu du, kultur jarduerak sustatzeko bi eraikin nagusi dituela Lasarte-Oriak: Manuel Lekuona kultur etxea eta Antonio Mercero aretoa, eta aipatu eremu horien gainean, honako adierazpenak egin ditu: "Horietako bakar batek ere ez dauka beharrezko baldintzak betetzen dituen erakusketa-aretorik, klimatizazioarekin, tenperaturarekin, hezetasunarekin eta segurtasunarekin zerikusia dutenak, gordailuak zaintzen dituen bildumak erakusteko".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren gordailuak milaka ondasun etnografiko, artistiko eta arkeologiko gordetzen dituela jakinarazi du, "Gipuzkoako historia eta gizartearen adierazgarri direnak; bai landa-eremukoak, bai hiri- eta industria-eremukoak ere". Lurraldean ekoiztutako edo bizimodu, gertaera, jarduera edo Gipuzkoako gizartearen kultura eta  eboluzioari lotutako arte piezak direla nabarmenduz. 

Horiek guztiak lurraldeko udalen esku jartzeko aukera dagoela azaldu du, baina argitu, "zoritxarrez" udal gehienek, Lasarte-Oriakoak kasu, ez dutela aukera hortaz baliatzeko bitartekorik. Hala, horri irtenbide eman asmoz eta osasun zein ekonomia krisian kultura gastu lehentasunetatik baztertu dela argudiatuz, zuzenketa bat aurkeztuko die Alderdi Popularrak hurrengo Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuei. “Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntzen lerro bat abiaraztea nahi dugu, kultur etxeetan eta udal erakusketa-aretoetan espazio itxi bat egokitzeko, gordailuak zaintzen dituen bildumak Gipuzkoako udalerrietan egon daitezen”.

Eta herrira begira jarrita hau da eskatu duena: “Egokitu daitezkeen espazioak Manuel Lekuona Kultur Etxea eta Antonio Mercero gunea dira, azken urteotan berrikuntza eta erreforma integrala behar dutenak, erabiltzaileek ondo dakiten bezala. Gobernu-taldeak erabakitasunez egin behar du gure herriaren kultura-jardueraren aldeko apustua, instalazioak berrituz, eskaintza handituz eta erakargarritasuna hobetuz. Gure aldetik, lanean jarraituko dugu eta gure lankidetza eskainiko dugu Lasarte-Oria garatzeko eta indartzeko”.