Baserriko produktuak erosteko aukera, larunbateko azokan

Behemendi elkarteak eta udalak VIII. Baserriko Produktuen Azoka antolatu dute asteburu honetarako. Larunbatean, azaroaren 13an izango da, Okendo Plazan, 10:00etatik 14:00etara 

Baserritar azokak, egunerokoak eta bereziak, izan dira baserritarrentzat bere baserrian ekoiztutako produktuak saltzeko bide ezin hobea. Hala adierazi du Behemendi elkarteak eta gaineratu, sektoreak bizi duen barne-krisiak eta kontsumoaren jaitsierak are garrantzitsuago bilakatu duela salmenta zuzena jorratzeko bide hauek ziurtatzea eta herrietako giroan ere barneratzea.

Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean, VIII. Baserriko Produktuen Azoka antolatu dute larunbat honetarako. Bederatzigarren edizioa behar luke aurtengoak, baina, ia, Koronabirusak eragindako pandemia medio, bertan behera geratu zen zortzigarrena.

Aipatu bezala, larunbatean, hilaren 13an izango da azoka, Okendo plazan. 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik eta sei bat postu egongo direla iragarri dute antolatzaileek. Hauek dira salgai egongo diren baserriko produktuak: barazkiak, sagar barietate ezberdinak, intxaurrak, fruitu lehorrak, foie gras, ahate urdaiazpikoa, ahate haragi-bolak eta izterrak, ahate magreta, barazki eta fruitu marmeladak, barazki kontserbak, ahuntz gazta, baserriko arrautzak, artisau pastak, baserriko ogia, erroskillak, sagar-tarta, gazta-tarta, euskal pastela.