Herritarrek ederki egin zioten aurre lokatzari

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 9a, 14:30
Ostadar Atletismo Eskolako kideak, euren probak amaitzean. Arg.: Txema Valles

Ostadar Atletismo Eskola gaztetxoak, Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza zein Harkaitz Zubillaga herritarra 65. Donostiako Nazioarteko Krosean lehiatu ziren, azaroaren 7an. Ostadarreko gaztetxoek ederki moldatu ziren lehian

Atletismo Eskolako gaztetxoek lehen aldiz jantzi zituzten kroseko zapatilak. Urduritasuna alde batera utzi eta 600 metroko lasterketari egin zioten aurre benjaminek. Hipodromoko lokatzetan ederki ibili ziren lasterka eta horren erakusle, herriko taldeko kide Irai Belartietaren garaipena izan zen. Alebin mailan, Irati Gallego ere ez zen gaizki ibili; bederatzigarren igaro zuen helmuga. Kilometro bat eta 600 metroak 6.24an egin zituen. 

Amaia Andres eskolako prestatzaileak gaztetxoek egindako lana nabarmendu du: "Txikien kasuan, meritu handia du horrelako proba batean debuta egitea. Gainera, horrelako mailetan iraupen-lasterketak prestatu ez arren, Irati oso ongi moldatu da".

Era berean, gaztetxoen guraso eta senideei eskerrak eman nahi dizkie proban eskainitako animo eta laguntzarengatik.

Ez ziren Ostadarreko kideak krosean parte hartu zuten herritar bakarrak izan. Zumeatarra taldeko kide Aimar Sukunza 20 urtez azpiko proban izan zen lehian eta bosgarren postuan iritsi zen helmugara. Hemeretzi minutu eta lau segundo behar izan zituen Sukunzak 5,6 kilometrotako ibilbidea egiteko. Harkaitz Zubillagak, berriz, master mailan parte hartu zuen; 9,6 kilometroko ibilbidea 33.49an egin zuen.