LOKEko judokek bi domina eskuratu dituzte Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 9a, 13:00
Asier Sagasti, 100 kilo azpiko podiumeko bigarren mailan. Arg.: Sayoa Judo Kluba

Lasarte-Oriako Kirol Elkarte-ko Judo sailak senior mailako Euskadiko Txapelketa eta infantil zein kadeteen rankingeko lehia izan zuen azaroaren 6an, Amurrion (Araba). Herriko kirol taldeko sei judoka lehiatu ziren maila ezberdinetan eta senior mailan lortu ziren emaitzarik onenak. Asier Sagastik eta Fermin Baldak zilarrezko eta brontzezko zilarrak eskuratu zituzten euren pisuetan

Hiru borroka irabazi eta 100 kilo azpiko mailako finalera iritsi zen Asier Sagasti herritarra. Finalean, ordea, ezin izan zuen Sayoa Judo Klubeko Peio Cazorla garaitu.

Sagastik lortutako bigarren postuari esker, Espainiako Ipar Sektoreko txapelketarako sailkatu da herritarra.

Hitzordua azaroaren 14an izango da, Iruñean eta Espainiako txapelketarako txartela eskuratzea du helburu herritarrak. 

Balda, berriz, 90 kilo azpiko finaleko atarian geratu zen; hirugarren postua eskuratzeko lehiatu behar izan zen. Azken borroka garaitu eta brontzea jantzi zuen.

Maila txikietako rankingeko proban, berriz, Unai Guisado eta Mario Herrero kadeteek eta infantil mailako Iker Izquierdok eta Aitor Santosek parte hartu zuten. 

Izquierdok, Santosek eta Guisadok euren mailako bosgarren postuan amaitu zuten lehiaketa; Herrerok, aldiz, zazpigarren postua lortu zuen.

Gorka Aristegi taldeko prestatzailea pozarren agertu da judoka guztiek egindako lanarekin.