Lasarte-Oriako 85 familiak 11.272 euro jaso dituzte ikasmateriala erosteko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 9a, 10:45

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du 15.000 euro bideratu dituela egitasmo horretara, eta aurrekontuaren %75 gastatu duela. Hiru eskaera baztertu behar izan ditu, "laguntza jasotzeko gehieneko diru sarrerak gainditu dituztelako eskatzaileek".

Dagoeneko martxan dagoen ikasturterako eskola materiala erosteko laguntza egitasmoa eraman du aurrera Lasarte-Oriako Udalak. Datuak eman ditu: herriko 85 familiak 11.272 euro jaso dituzte. Baldintzetako bat zen koaderno, arkatz, boligrafo eta bestelakoak Lasarte-Oriako komertzioetan erostea. Programa horretara 15.000 euro bideratu ditu udalak aurten, eta %75 banatu duela zehaztu. "Helburu nagusiak bi izan dira: COVID-19aren pandemiak larriagotutako krisi garai honetan familiak laguntzea, eta materiala herriko dendetan eskuratzea sustatzea". 

Azken hilabeteetan jaso dituen eskaeretatik hiru baztertu behar izan ditu, "laguntza jasotzeko gehieneko diru sarrerak gainditu zituztelako eskatzaileek". Urtean 25.000 euro edo gutxiagoko diru sartzeak dituzten familiek 110 euro jaso dituzte; 25.001 eta 33.000 eurora artekoak dituztenek, 90; eta 33.001 eta 40.000 eurora artekoak dituztenek, 50.

Arrakala digitala gutxitzeko

Idazmahaiko, optometriako, kiroletako, jarduera artistikoetako zein eskolako jarduerarako (arropa) materiala eros zezaketen herritarrek, eta horrez gain, material informatikoa ere bai. "Arrakala digital handia dagoela frogatuta dagoenez, laguntzen barruan sartu dugu aurten", nabarmendu du udalak.

Lehen zein bigarren hezkuntzako derrigorrezko etapetan eskolatutako adingabeen familiek jaso dituzte laguntzak. "Berdin da zein udalerritan zeuden matrikulatuta, baina ezinbestekoa zen ikasmateriala herriko komertzioetan erostea".