Karabeleko etxaldearen eskutik, kontsumo talde berria Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 8a, 16:23

Irabazi asmorik gabeko elkartea da Karabeleko eta Hernani eta Astigarraga artean dituen lursailen bidez ekoizpen ekologikoari bultzada emateaz gain, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzako enplegu zentro berezi ere bada. Kontsumo talde berria bat osatu dute herrian, Kool Studiorekin elkarlanean

Astean behin garaian garaiko eta tokian tokiko produktu ekologikoez osatutako saskiak eskuratzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Karabelekoren eskutik eta Kool Studioarekin elkarlanean, kontsumo talde berri bat osatu dute Lasarte-Orian. Hernani eta Astigarraga artean dituen lursailen bidez ekoizpen ekologikoari bultzada ematea du xede Karabelekok. Ez da etxalde arrunt bat, ordea; buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzako enplegu zentro berezia ere bada. 

Karabelekok prestatutako otarra bi tamainatakoa izan daiteke, handia edo txikia, eta inguruko artisau-ekoizle ekologikoek landutako produktuekin osatzeko aukera dago: "% 100 elikadura jasangarri, oso eta osasungarriaz gozatzeko aukera eskaintzen du". Eta saskiak erosten dituztenek, ostiraletan jaso ahal izango dituzte Kool Studion (Blas de Lezo, 9, behea, 1. lokala, atzealdea). Halere, hala behar dutenek etxez etxeko banaketa-zerbitzua ere izango dute eskuragai. 

Eskaintzaren gaineko informazio gehiago nahi duenak bide hauek ditu horretarako: 943- 22 45 30 telefono zenbakia edota maider@infotres.comhelbide elektronikoa.

Enplegu zentro berezia

Kimubatek, Blaseneak eta Agifesek (buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea) sustatutako Karabeleko etxaldea Enplegu Zentro Berezi bilakatu da aurten. Hala jakinarazi dute etxaldeko ordezkariek: "Langileen % 70ek osasun mentalarekin loturiko desgaitasuna dute". Karabeleko ekimenaren helburuetako bat, hain justu, langile horien integrazio pertsonal eta soziala bultzatzea da, gerora lan merkatu arruntera salto egin ahal izateko.