Patxi Castro omendu du Ostadar SKTk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 7a, 10:31

Kirol taldeko futbol saileko zuzendaritza kidea gogoratu dute larunbat arratsaldean Michelin kirolgunean. Gorengoen Mailako Ostadar SKT- Billabona KE norgehiagokaren aurretik egin dute aintzatespen ekitaldi xumea. 

Lasarteoriatar ugari bertaratu da  Ostadarrek eta Billabonak jokatu beharreko partidaren aurretik, eta  zelaiaren inguruan pilatzen joan dira. Aurreko norgehiagoka amaituta, bi taldeak zelaira irten dira korridore bat osatuz, eta tarte horretatik igaro dira Castroren senideak erdiguneraino. Orduan, biribila osatu dute jokalariek eta hiru dantzarik aurreskua dantzatu diete. Jada hala zeuden ahaideak, are gehiago hunkitu dira. Joxean Belartieta eta Joxe Pikabeak markoan sartutako kamiseta bat eta lore sorta bat eman diote malkoak ezin eutsi zegoen alargunari eta Castroren semeetako bati. Bi taldeetako jokalariekin argazkia egin, eta txalo artean irten dira zelaitik. 

2020ko urrian hil zen Castro, koronabirusarekin eta hura gogoratu nahi izan du Ostadarrek keinu xume bezain hunkigarriarekin. Lasarte-Oriako pala txapelketa zein Santa Ana txapelketako antolakuntzan, herri bazkarietako sukaldaria, Lasarte-Oria Bai! Kroseko boluntario… Castrok Ostadarren eta herrigintzaren alde egindako lana eskertu nahi izan diote, eta, aldi berean, pandemiaren eragin gogorrena jasan duten Lasarte-Oriako familiak ere omendu ditu.