Txakurren jabeak kontzientziatu nahi ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 5a, 12:54
Ezker-eskuin: Agustin Valdivia eta David Mateos.

Guztion kontua da kanpaina jarriko du martxan Lasarte-Oriako Udalak datorren astelehenean, FCC enpresarekin batera, helburu nagusi batekin: txakurrek eraikinetan, faroletan eta antzekoetan txiza ez egitea, "kalte handia" egiten baitie horrek. Horretarako, jabeak kontzientziatu nahi dituzte; karpa informatibo bat jarriko dute herriko zenbait gunetan eta eskuorriak banatuko, etxez etxe.

Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzuetako zinegotzi David Mateos-ek xehatu dituzte egitasmoaren nondik norakoak. "Oro har, jabeak arduratzen dira maskoten gorotzak jasotzeaz, baina txizaz ez dira kezkatzen", adierazi du Valdiviak. Hori dela eta, txakurrek eraikinetan, faroletan eta antzekoetan pixa egitea galaraztea da udalaren eta FCCren xede nagusia, eta jabeak kontzientziatzea: "Uste duguna baino kalte gehiago eragiten du animalia horien gernuak". 

Hogei eguneko kanpaina

Mateosek azaldu du hogei eguneko kanpaina izango dela Guztion kontua da. Batetik, eskuorri informatiboak banatuko ditu udalak etxez etxe, eta bestetik, karpa informatibo bat jarriko du herriko zenbait gunetan, 10:00etatik 14:00etara: 

Noiz? Non?
Azaroaren 8tik 11ra (bi egunak barne) Askatasuna parkean
Azaroaren 12an, 15ean eta 16ean Atsobakar parkean
Azaroaren 17tik 19ra (bi egunak barne) Arantzazuko Ama parrokiaren alboko plazan, Zumaburu auzoan
Azaroaren 23an eta 24an Oztaran parkean, Parapetoa zenetik gertu
Azaroaren 24tik 26ra Brunet parkean, kioskotik gertu
Azaroaren 29an eta 30ean Zabaleta auzoan
Abenduaren 1etik 3ra Euskotren geltokian

"Arratsaldez ere jarri nahi genuen karpa, baina ez da posible izan", adierazi du Mateosek. "Lasarteoriatarrak gonbidatzen ditut gunera gerturatu eta informazioa eskatzera". Jarraibideak entzuteaz gain, herritarrek bi produktu eskatu ahalko dituzte, txakurren pixen eragina gutxitu dezaten: ura eta ozpina nahasteko ontzi eta giltzatako bana. Plastikozko botilatxo baten antzekoa da lehenengoa, eta proportzioak adierazita ditu: ontzi erdi ur, eta ontzi erdi ozpin. Giltzatakoa txikia da, hezur formakoa, eta maskotaren lepokoan jar daiteke. Botoi txiki bat du, eta hori zapalduz gero, argia egiten du. "Egunak gero eta laburragoak dira udazkenean eta neguan; jabeentzat tresna baliagarria izan daiteke uneoro animalia non dagoen jakiteko", azaldu du Zerbitzuetako batzordeburuak.

"Jabeak, gaur-gaurkoz, ez daude ohituta euren txakurren txiza diluitzera; hori aldatu nahi dugu", gehitu du alkateak.