Kontsumo bonuen kanpainaren oinarriak eztabaidatzeko egin dute ezohiko osoko bilkura

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 5a, 15:40

Udal korporazioak hilabeteko bigarren ostegunean egin ohi ditu udalbatzarrak. Azaroan, ordea, hileroko hitzordu hori baino lehenago iritsi da ezohikoa. Ostegun goizean, azaroaren 4an elkartu dira, Lasarte-Oriako kontsumo bonuen kanpainaren oinarriei buruz jarduteko

09:00ak pasatxo ekin diote ezohiko udalbatzarrari. Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza eta gai zerrendako lehenengo puntuari eutsi dio. Deialdiaren urgentzia bozkatu dute, eta alderdi guztiak bat etorri dira; aho batez onartu dute.

Bigarren gaira igaro dira gero; Lasarte-Oriako kontsumo, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako bonuen kanpainako oinarrien inguruan eztabaidatu dute. Gaia aurkeztu du Valdiviak, eta bozka egin aurretik, hitza hartzeko aukera eskaini die alderdiei. ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos-eko David Ares-ek eta EH Bilduko Jon Martin-ek eskatu dute hitza. Lehenak jakinarazi du aurtengo kanpainan, plataforma digital baten bitartez eskuratuko dituztela bonuak bezeroek. "Interesgarria" iruditu zaio hori eta bere alderdiak kanpainaren oinarriak hobetzeko egindako proposamena kontuan hartu izana eskertu du –plataforma digitalaren bitartez eskuratuko diren bonuen erabilera ere modu birtualean egitea–. 

Martinek hartu du hitza gero. Azaldu du herriko ekonomia laguntzeko kontsumo bonuen kanpainarekin "prestutasuna" agertu duela bere alderdiak. Oinarriak prestatzeko bidea, ordea, "okertuz" joan dela uste du: "Irail edo urrirako behar zuen kanpaina, abendura atzeratu da". Eta hain zuzen ere, atzerapen horrek sortzen dio kezka: "Eguberrietako kanpainarekin bat egingo du; laguntza gutxien behar duen momentuan iritsiko da".  Hori dela eta, pentsatzen dute kanpainaren helburua "ezbaian" geratzen dela. Nuria Fernandez Sozioekonomia batzordeburuak erantzun dio, herriko ostalari eta Aterpea merkatarien elkarteko bazkideek egoki ikusi dutela kontsumo bonuen kanpaina Gabonetan egitea, eta horregatik mantendu dituztela aurreikusitako datak. 

Bozka egin dute jarraian. Aldeko 11 bozka (PSE-EE, EAJ eta ELOP) eta 4 abstentzio (EH Bildu) jaso ditu proposamenak; onartuta geratu da. Bozka azalpena egin du EAJko Jon Antxordoki-k jarraian. Esan du EH Bilduren zalantza bera izan zuela bere alderdiak, baina komertzioek kontsumo bonuen kanpaina Eguberrietan egitea egoki ikusi dutenez, oinarrien aldeko boza ematea erabaki dutela. 

Hirugarren eta azken puntuak ez du debaterik eragin.  Udalaren Aurrekontuaren kontu orokorra, 2020. urteko ekitaldiari dagokiona ontzat emateaz aritu dira. Zuzenean bozka egin dute eta aho batez egin du aurrera. 

Ordu laurden eskas igarota amaitu da saioa.