Herrian, gertukoez inguratuta aurkeztu du Asun Morenok 'Merci Maman' liburua

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 5a, 13:30

Depresioak jota dagoen amarekin bizitakoekin hezurmamitu du 'Merci Maman' liburuan. Koronabirusak eragotzi zion lanaren aurkezpena lehenago egitea, baina, urtebete eta hiru  hilabete beranduago iritsi da horretarako aukera. Bere herrian gainera, Manuel Lekuona Kultur Etxean

Iragan urteko abuztuan kaleratu zuen Asun Moreno lasarteoriatarrak Merci Maman liburua. Koronabirusak eragotzi zion lanaren aurkezpena lehenago egitea, baina, urtebete eta hiru  hilabete beranduago iritsi da horretarako aukera. Bere herrian gainera, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Ez da berezko liburu aurkezpen bat izan, elkarrizketa formatua baliatu baitute lanaren berri emateko. Amaia Soroa arduratu da galderak egiteaz, eta, noski, idazlea bera izan du aurrez aurre. Lorez atondutako agertoki goxo bat prestatu dute, Morenoren ama Paquitari liburuko protagonistetako bat– keinu egin nahian seguraski.

Gloria Anzaldua idazle estatubatuarraren hitzak gogora ekarriz hasi du saioa Soroak eta lehenengo galdera zuzendu dio idazleari gero. Galdetu dio zergatik hasi zen idazten eta berehala jaso du Morenoren erantzuna. Labur azalduz, kontatu dio ama Paquitaren depresioak beragan sortutako sentimenduak kokatzeko hasi zela idazten, terapia gisa. Horren atzetik etorri dira galdera-erantzun gehiago. Kontatu du baita ere familia bereko hiru belaunaldi –Paquita, amona; Asun, alaba eta Andrea, biloba– batzen direla liburuan, eta azpimarra berezia egin dio buruko gaitzen ikustarazteari. Haiei buruz hitz egitea eta estigma kentzea ezinbestekoa dela uste du Morenok.

Liburua idatzi eta argitaratzearena "urte luzeetako lana" izan da, eta hasieran asmo jakinik gabe idatzitako lerroetatik osatu du granate koloreko liburuxka. Senide, gertuko eta herritarrez inguratuta aurkeztu du Merci Maman.