Ostadar Atletismo Eskolak ilusioz egingo dio aurre txapelketen denboraldiari

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 4a, 15:30
Ostadar Atletismo Eskolako infantilak, urriaren 30eko proba amaitzean. Arg.: Ostadar Atletismo.

Ostadar Atletismo Eskolako gaztetxo eta haurrak lehian hasi dira. Urriaren 30ean, denboraldiko lehen txapelketa izan zuten Hernanin eta asteburu honetan, Donostiako Nazioarteko Krosean lehiatuko dira

Euriari aurre egin behar izan zioten infantil eta alebin mailako gazteek. Infantilek 220 m. hesi lasterketa eta disko zein xabalina jaurtiketa lehiatu zituzten; txikienek, berriz, 150 m. hesiak, pisu dun pilota jaurtiketa eta disko jaurtiketa.

Amaia Andres Berakoetxea taldeko arduraduna pozarren dago gazteek egindako lehiaketarekin eta eskolarteko gaztetxoak berriro lehiatzeagatik: "Proba teknikoak izan arren, guztiek ederki egin zuten lan. Beste entrenamendu bat bezala izan da. Baina garrantzitsuena guztiok batera berriro kirola egitea da".

Atletismoa ezagutzen

Eskolako arduradunak azaldu modura, Ostadar Atletismo Eskola irailaren 7an hasi arren, bi hilabete hauetan ez dute denbora askorik izan alde tekniko lantzeko. 

"Guztia zerotik hasi behar izan dugu. Urte eta erdi gogorra izan dugu eskolarteko mailan, etenak izan dira, ez dute lehiaketarik egin… Horregatik lehen gauza umeak mimatzea, euren alderdi emozionalari garrantzia ematea izan da. Batzuk gainera berrogeialdiak izan dituzte. Horregatik, alde teknikoak lantzen duela gutxi hasi gara. Ez da asko izan, baina esango nuke kirol elkarte guztietan ere berdin egongo direla," adierazi du Ostadarreko arduradunak.

Denboraldiko lehen lehiaketek gainera garrantzia handirik ez dutela azaldu du: "Urduritasuna kentzeko izan ohi da. Entrenamenduetan ikasi dutena, praktikan jartzeko gai diren ikusten dugu. Lehiaketan nola moldatzen diren ere ikusteko balio du (epaileak, dortsalak…)Eta euren talde kideekin entrenamendua ez den beste giro batean egoten dira."

Hala ere, eskolarteko mailan bi multzo nagusi berezi daitezkeela nabarmendu du: "Benjamin, alebin eta infantilen lehen urtean jokoaren bitartez atletismoa ezagutzen dute. Hala ere, lantzen diren espezialitate guztietan gai izan behar dira. Infantilen bigarren urtean, berriz,   Euskadiko txapelketak lehiatzeko aukera dago eta serioago entrenatzen da. Gainera, bakoitzaren proba zein izan daitekeen ikusi eta horretan lan egiten dugu".

Lehen pausoak

Aurten bederatzi benjaminek, 35 alebinek eta hamasei infantilek osatzen dute taldea. Hori dela eta, Ostadar Atletismo saila pozarren dagoela adierazi du: "Ikasturte hasieran ezusteko ederra eraman genuen izena emate kopurua ikusten. Pozik gaude gazte berri asko ditugulako eta taldeari sendotasuna ematen diolako horrek". 

Infantil mailako taldea izan ezik, gainerako kideek atletismoan lehen urratsak emango dituztela azaldu du: "Badaude gazte batzuk martxoaren 13an, kirol garapena eten zitzaiena. Pena da; sasoian zeuden, baina ezin gara horregatik kexatu. Gainerako kideek ez dute lehiarik egin oraindik, ez dakite zer den atletismoan lehiatzea".

Hori dela eta, taldeko kide guztietan urduritasuna eta ziurgabetasuna nabari direla  aipatu du eskolako arduradunak: "Inoiz atletismorik egin ez dutenen kasuan, dena berria da. Ilusioa eta ziurgabetasuna dute; ez dakite zer den. Bestetik, lehiatu direnek ere bere urduritasuna eta ziurgabetasuna dute. Etena luzea izan da, ez dute lehiaketarik egin…".

Eta hori gainditzeko gurasoen eta Ostadarren laguntza dutela nabarmendu du: "Hori guztia kudeatzen ari gara, gurasoen laguntzarekin. Nabarmentzekoa da oso ondo ari dira lanean gurekin batera. Eurek gabe hau ez litzateke posible izango. Elkarteak ere babes handia eman digu eta eskertzekoa da".

Krosa

Taldearen hurrengo hitzordua, azaroaren 7an, igandearekin izango da Donostiako Hipodromoan. 

Ostadarrek alebin eta infantil mailako ordezkaritza izango du Donostiako Nazioarteko Krosean eta benjaminen debuta izango dela ere aurreratu du atletismo eskolako arduradunak: "Benjamin mailako atletek ez dute Gipuzkoa mailan lehiaketarik, Donostialdean bakarrik lehiatu daitezke, beraz, bertan lehiatuko dute euren lehen lasterketa".

Hori dela eta, txikiak harrituta daudela nabarmendu du talde urdin-beltzeko prestatzaileak: "'Non egin behar dugu lasterka?' galdetzen dute. Guk 'zaldiek lasterka egiten duten Hipodromoan' erantzuten diegu eta aho bete hortz geratzen dira. Batzuk ez dakite krosa zer den ere".