ESKUALDEA

Eusko Skills txapelketan parte hartu dute Usurbilgo Lanbide Eskolako hiru ikaslek

Usurbilgo Lanbide Eskola 2021ko aza. 4a, 11:05
Argazkia: Usurbilgo Lanbide Eskola.

Oier Olarra, Asier Iruretagoiena eta Oier Arroyo Automatizazioa eta Robotika Industriala zikloa egiten ari dira Usurbilgo Lanbide Eskola-n (ULE). Berriki, Ficoban ospatu den Eusko Skills txapelketan parte hartu dute. ULEko zuzendari Isidro Zaldua-ren eskertza jaso eta gero, lehiaketan bizi izan duten esperientzia "aberasgarria" kontatu dute.

Noiz eta nola jakin zenuten Eusko Skills 2021 lehiaketan parte hartzeko aukera zegoela?

Isidro Zaldua zuzendaria eta Mikel Arcelus irakasleak etorri zitzaizkigun lehiaketaren ezaugarrien berri ematera irail amaieran, eta apuntatzeko animatzera.

Joan aurretik prestakuntza berezirik egin al duzue?

Azken bi astetan, arratsalde batzutan ikastetxean geratu ginen Ficobara eraman behar ziren maketak prestatzen, programaketak egiten, entrenatzen eta abar.

Bertan, nola joan da lehiaketa? Zer egin behar zenuten?

Asier Iruretagoiena eta Oier Arroyo.: Guk bikotea osatu dugu eta elkarrekin parte hartu dugu Mekatronikako lehiaketan. Guztira hiru froga genituen. Bi maketa egin behar genituen. Lehenengo maketan batek montatu egiten zuen (kableatu eta guzti) eta besteak programatu egiten zuen; bigarren maketan, rolak aldatu behar genituen; hirugarren frogan, bi maketak elkartu eta programa bat egin behar genuen.

Oier Olarra.: Nik bakarka lehiatu dut Instalazio Elektrikoen modalitatean. Aurretik bagenekien zer egin behar genuen eta zein osagai izango genituen. Azken finean, ordu kopuru zehatz batean instalazio elektriko bat muntatu behar genuen. Muntaia horrek funtzionamenduko atal ezberdinak zituen eta atal bakoitzak puntuazio bat zeukan. Beraz, zenbat eta atal gehiagok funtzionatu, puntu gehiago lortzen ziren.

Lortu al duzue saririk?

A.I. eta O.A.: Robotikako ikasleak izanik, guk oso zaila genuen Mekatronikako atalean saririk lortzea, baina oso gustura geratu gara gure lanarekin.

O.O.: Ba egia esan ni amaiera arte dominen borrokan ibili nintzen, baina azken momentuan akats bat egin nuen eta saririk gabe geratu nintzen. Hori dela eta, alde batetik badut amorru puntu bat baina, bestalde, oso harro nago egindakoarekin.

Zuek parte hartutakoez gain, ba al ziren modalitate gehiago?

Bai. Hala nola Diseinu industriala, CNC Fresaketa, Soldadura, Karrozeria, Elektronika, Web garapena, Industria kontrola, Zurgintza, Ile apainketa, Estetika, Automobilaren teknologia, Sukaldaritza eta abar.

Jende berria ezagutzeko aukera izan duzue?

Bai, bai. Alde batetik, Ficoban gure espezialitateko ikasle eta irakasleekin egoten ginen gehien bat. Baina, ondoren,  modalitate ezberdineko ikasleek, denok elkarrekin afaldu eta hotelean lo egiten genuen. Oso giro ona egon da ikasle eta irakasleen artean. Lagun berri asko egin ditugu.

Zer giro egon da Ficoban? Lehiakortasuna, elkar laguntzekoa…

Oso giro ona egon da, lehiakortasun sanoa. Alde batetik, jendeak ondo egin nahi zuen bere lana eta autoexigentzia zegoen. Baina, bestalde, denak bestei laguntzeko prest zeuden, bai ikasleak, baita irakasleak ere. Froga bakoitzaren hasieran eta amaieran elkarrekin egoten ginen eta oso giro sanoa egon da.

Lehiaketa honek zerbait ikasteko balio izan dizute?

Bai, dudarik gabe. Oso denbora gutxian gauza asko egin behar genituen eta horrek gure onena ateratzea eskatu digu. Bestalde, beste ikasle eta irakasleekin gure ezagutzak eta esperientziak partekatzea oso aberasgarria izan da.

Zer moduzko esperientzia izan da? Errepikatuko zenukete? Gomendatuko zenukete?

Egia esan, hasieran pereza pixkat ematen zigun (arratsalde batzutan geratu beharra, Irunea joan, hiru egun pasa…), baina pixkanaka erronka moduan hartu dugu eta oso ondo pasatu dugu. Oso esperientzia ona izan da. Berriz errepikatuko genuke eta, dudarik gabe, gomendatuko genieke gure lagunei bertan parte hartzea.