Gol festa izan zen Michelin kirol gunean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 4a, 10:00
Ostadar eta Usurbil taldeetako jokalarien arteko borroka.

Ostadar SKTk eta Texas Lasartearra taldeek Usurbil FTren Erregional 1. Mailako zein Kadeteen 1. Mailako taldeak mendean hartu zituzten, hurrenez hurren. Ostadarrek 8-0 irabazi zuen; Texasek, berriz, 7-0. Infantilen derbian ere, gol ugari egon zen, 4-1; Texasek eskuratu zituen hiru puntuak

Ostadar SKT-ren Erregionalen I. Mailako taldeak ederki hasi du denboraldia. Ez du partidarik galdu; bost partida irabazi eta bakarra berdindu du Mikel Zarraga-ren taldeak.

Zenbaki horiei esker, bere multzoko buru da, hamasei punturekin eta tartea ireki du gainerako taldeekin; bigarren sailkatua, irabazi berri duen Usurbil FT da, bederatzi punturekin.

Urriaren 30ean jokatutako jardunaldian, aurreratu bezala, Ostadarrek bere multzoko bigarren sailkatuaren aurka neurtu zituen indarrak, Usurbil FT.

Michelin kirol gunean zeuden ikusleek gol festa ikusi ahal izan zuten. Urdin-beltzek partidako lehen zatian jokoa kontrolatu zuen eta aukerak sortu arren, 25. minutura arte ez zen lehen gola iritsi. 

Erantzun modura, Usurbilgo jokalariak etxeko taldearen nagusitasuna puxkatzen saiatu ziren. Ahaleginek ez zuten saririk izan, ordea. 

Ostadarrek, berriz, bigarren golaren bila jarraitzen zuen eta zazpi minutura, sartu zuen neurketako bigarren gola. Aurkariak, orduan, amore eman zuen eta etxeko taldeak atera iristeko erraztasun handiagoa izan zuen. Azkenean, 8-0 gailendu zen talde urdin-beltza.

Garaipenak etxean

Egun horretan bertan, baino bost ordu lehenago, Usurbil FTren Kadeteen 1. Mailako B taldeak jaso zuen gol zaparrada. Erruduna Texas Lasartearra izan zen. Iker Morenoren taldeak hiru puntuak eskuratu zituen aurkaria 7-0 irabazi ostean. 

Infantil mailan, berriz, Texas eta Ostadarren arteko derbia ikusi ahal izan zen. Talde txuri-urdinak 4-1 irabazi zuen.