Maialen Aristegi Letamendiaren 'Bi ahotsetara' abestia, Gazteako Maketa Lehiaketan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 3a, 13:46

Lasarteoriatarra Gaztea irratiaren Maketa Lehiaketan parte hartzen ari da. Hiru abestirekin aurkeztu du bere hautagaitza, eta horietatik 'Bi ahotsetara' kantuarekin sartu da finalista izateko norgehiagokan. Etzi, azaroaren 5ean amaituko da proposamenak bozkatzeko aukera

"Aspalditik" zuen Gaztearen Maketa Lehiaketan parte hartzeko gogoa Maialen Aristegi Letamendia lasarteoriatarrak. Aurten animatu da, ordea; "probatzearren" aurkeztu du bere hautagaitza. Musikaz bizitzea da kantautore gaztearen ametsa, horretan "ahalegintzea" behintzat. Saiakera horretan kontzertuak eskaintzen ditu eta abestiak sortzen ere ari da, gitarraren eta pianoaren laguntzaz. Aitortu du unean unekoa bizitzea atsegin duen arren, etorkizunari ere begiratzen diola: "Abestiak sortzen eta zuzenekoak eskaintzen jarraitzeko asmoa dut. Egunen batean talde bat osatu eta disko eder bat grabatu eta argitaratzeko esperantzarekin". Eta, uste du Maketa Lehiaketak lagun diezaiokeela bide horretan. 

Abeslari gisa egiten ari den ibilbidean, hamar abesti konposatu ditu eta horietatik hiru aurkeztu ditu aipatu lehiaketara: Maitasunak maitemina dakarren arren, Udazkena Gasteizen eta Bi ahotsetara. Lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintza izan da hautagai bakoitzak hiru abesti aurkeztea. Lehen aurkezpen fase hori gainditu dutenek, ordea, aurkeztutako hiru lanetatik bakarra aukeratu behar izan dute finalistak izateko lehian sartzeko, eta Bi ahotsetara aukeratu du herritarrak. "Jatorriz maitasun deklarazio bat izan arren, neure buruaz hitz egiteko aitzakia bat besterik ez da. Abestia nire aurkezpen txartela da". Kantuak sortzea "terapia" dela nabarmendu du: "Ez zait batere erraza egiten sentitzen dudana adieraztea eta musikak horretan laguntzen nau". 

Herritarrak kontatu du aurtengo ediziora ia ehun proposamen aurkeztu direla eta horietatik 20 besterik ez direla igaro finalistak izateko lehiara; horien artean da Aristegi. Eta lasarteoriatarrek badute herritarra babesteko aukera. Horretarako, https://www.eitb.eus/eu/gaztea/maketa-lehiaketa/ atarian sartu behar dute, Bi ahotsetara abestia bilatu eta bozka eman.  Etzira arte, azaroaren 5era arte izango da horretarako aukera. Epe hori amaituta, finalistak iragarri eta azaroaren 25ean egingo dute finala. Bilboko Kafe Antzokian izango da hitzordu hori, hala iragarri du musikariak: "Inoiz Bilboko Kafe Antzokian abestea nire ametsetako bat da. Egi bihurtuko balitz, bihotzez eskertuko nuke, baina, gertatzen dena gertatzen dela, oso harro nago honaino heldu izanaz".

Maketa Lehiaketaren 30. edizioa

Berezia izaten ari da aurtengo Maketa Lehiaketa, izan ere, 30. urteurrena ospatzen ari da. Horregatik, eta aurreko edizioetan ez bezala, hiru sari banatuko dituzte aurten: Epaimahaiaren saria –5.000 euro eta BBK LIVE jaialdian jotzeko aukera–, Gazte BizHitza saria –entzuleena. 2.500 euro– eta Harrobia Saria –Oso Polita diskoetxeak aukeratutako hautagaiak lau abestiko EP bat grabatzeko aukera–. 

Ikusteke dago nortzuk izango diren sari horien irabazleak, baina, bitartean, zorterik onena opa diogu.