Jatetxe eta tabernetan eskatu eta jaten ez diren elikagaien xahutzea ekiditeko kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 3a, 10:08
Avenida tabernako Yon Mikel Rodriguez, Gourmet Bag 3.0 kanpainako ontzia eta informazio afixak erakusten

'Gourmet Bag 3.0' izena du Gipuzkoako Foru Aldundia-k, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea-rekin eta Impact Hub Donostia-rekin batera sustatutako proiektuak. 2018. urtean abiatutako proiektu pilotu baten jarraipena da

Jatetxeetan eskatu eta kontsumitzen ez diren elikagaien xahutzea saihesteko Gourmet Bag 3.0 proiektuan parte hartuko dute Lasarte-Oriako hainbat jatetxe eta tabernek. Horrela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoaren hirugarren edizioaren aurkezpen oharrean. 2018. urtean abiatu zuten lehenengoz egitasmo pilotua. Orduan, Donostiako establezimenduek soilik izan zuten parte hartzeko aukera. Gerora (iaz), bigarren edizio batean Gipuzkoako herri ezberdinetako 25 taberna eta jatetxetara zabaldu zen, eta, orain, hirugarrenean, Gipuzkoako beste hamar udalerritako establezimenduek parte hartuko dute. Horien artean daude Lasarte-Oriako bost taberna eta jatetxe: Abend, Avenida taberna, Formula Route 33, Lasarte taberna eta Oria Txiki . Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak sustatutako ekimena da, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea-rekin eta Impact Hub Donostia-rekin lankidetzan, eta elikagaien xahuketa murrizteko erronkaren aurrean sortu dute. 

2.000 ontzi ekologiko banatuko dituzte egitasmoarekin bat egin duten establezimenduetan, eta horien bitartez, soberako anoak etxera eramateko aukera izango dute bezeroek. Beti ere, noski, hala egin nahi badute. Jakinarazi dute gainera, aipatu ontzi horiek birziklatutako paperarekin egindakoak izateaz gain, mikrouhin labearekin bateragarriak direla. Halaber, konpostagarriak dira, hortaz, erabiltzaileek edukiontzi marroira bota ahal izango dituzte. 

Lan ildo garrantzitsua, klima aldaketaren aurka

Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako konpromisoa, klima aldaketaren aurkako borrokan lan ildo garrantzitsua dela nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak: "Aurre egin behar diogu jakien xahutzeari, lehen mailako arazoa baita. Kalkuluen arabera, Gipuzkoan, urtero 123.000 tona jangai hondatuko dira (%23a alferrik galduko direnak eta %77 galerak)". Horri irtenbide emateko asmoz sortu da Gourmet Bag eta lurraldeko hiri hondakinen kudeaketari, ekonomia zirkularrari eta hondakinen hierarkiari buruzko plangintzarekin bat eginez. Aipatu kanpainak, kontsumitzaileei zuzendutako kontzientziazio izaera bat ere badu. Ontziaz gain, informazioa ere emango zaie jatetxeetako bezeroei, proiektura atxiki diren establezimenduen berri izan dezaten. 

Ekimen irekia da Gourmet Bag, hau da, proiektuarekiko interesa duten establezimendu guztiek parte har dezakete. Horretarako, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin edo Impact Hub Donostiarekin jarri behar dira harremanetan.